Hainbat lekukoren arabera, zaurituak istiluak eragin zituen aurretik Aretxabaletako Mitarte kaleko taberna batean, botila batzuk apurtzen zebilela-eta tabernariak kanpora bota zuen. Berehala itzuli zen, baina, modu txarrean tabernariagatik galdezka. Tabernaria biltegian zegoen eta bertara sartzerik lortu ez zuenean alde egin zuen. Beranduago larriki zauritua agertu zen kalean. Estolda-zuloko taparen bat jaurti ziotela ere zabaldu zen goizean zehar Aretxabaletan. Ertzaintzak ez zuen inor atxilotu eta gertatutakoa ikertzen ari direla esan ziguten atzo arratsaldean prentsa bulegotik.
Durana kaleko bizilagun batek abisatuta, Ertzaintza eta anbulantziak gerturatu ziren gertaera izandako tokira. Deia egin eta gutxienez handik 20 minutura agertu omen zen anbulantzia. Aretxabaletatik Arrasateko Ospitalera eraman zuten zauritua, odola zeriola. Arrasatetik egoera larrian eraman zuten Gasteizko Santiago eritetxera domeka goizaldean.