Kurtzebarriko ikasleek publizitatearekin lotuta egindako proposamenei erantzun die Udalak

Goiatz Arana Begiristain 2009ko abe. 1a, 15:31
Aretxabaletako alkatea Kurtzebarri ikastetxeko ikasleekin batu da gaur, martitzena, Agenda 21 dela-eta: ekainean, publizitatearekin lotutako hainbat proposamen egin zizkioten neska-mutikoek Udalari eta gaur jakin dute hartutako erabakien berri.

Agenda 21en barruan, publizitatearen gaia jorratu zuten Kurtzebarri ikastetxeko neska-mutikoek joan den ikasturtean. Herriko egoera aztertu ostean, proposamen batzuk egin zizkioten Udalari. Adierazpen libreko guneekin lotuta, esaterako, oraindik ere horietatik kanpo publizitate asko jartzeko ohitura handia dagoela ondorioztatu zuten eta hori zuzentzeko neurrien gainean galdetu zioten Udalari. Zalantzak eragiten zizkien, baita ere, udaletxean egiten duten paperaren erabilerak eta, horrekin lotuta, alkateak jakinarazi die eguneroko zereginetarako paper birziklatua erabiltzen dutela eta paper mota hori enplegatzen dutela hilean behin argitaratzen duten Arratabe udal aldizkaria ateratzeko ere; egutegi eta egitarauetan, aldiz, paper arrunta erabiltzen dutela azaldu die, argazkiak kalitate onekoak izango direla bermatzeko. Postontzietan jasotzen dugun publizitate kopurua ere ez zaie oharkabean pasa eta Publizitaterik ez lelodun itsaskin gehiago eskatu dituzte; Udalak zituenak agortuta daude eta dagoeneko eskatu ditu gehiago Mankomunitatean.

Ekitate gabezia

Inaxio Garrok interesgarritzat jo du ikasleek egindako lana eta txikiak badira ere egin dituzten eskakizunak oso zentzuzkoak direla gaineratu du. Alkatea gustura geratu da, hartutako erabakiekin ikasleak konforme eta aseta geratu direlakoan. Publizitatearen gaia jorratuta, 2009-2010 ikasturtean 'Ekitate gabezia' landuko dute.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak