EAJko zinegotziak izan ezik –ezin etorria agertu zuten– gainerako guztiak elkartu ziren osoko bilkuran. Zortzi gai zituzten eztabaidatzeko, baina Arkupe kultura etxearen esleipenaren gainekoa atzeratu egin zuten. Datorren astelehenean Ama-Lur enpresarekin dute bilera Udal ordezkariek –Arkuperen ardura duena orain– eta, han adostutakoaren arabera, urriaren 7an egingo duten ezohiko osoko bilkuran aurkeztuko dute berriro.
Ondoren, Tubos lantegia –herriko iparraldean– egondako alderdiaren gaineko bi erabaki onartu zituzten: batetik, ingurumen egoeraren dokumentua. Aldundiak hasierako txostena egin du eta bertan jaso ditu: lurraren kutsaduraren garbiketa; industria pabiloiak botatzea; ibai alboko landaretza errespetatzea… Eta gero jarraipena egingo diote txostenean jasotako guztia betetzen doazela ziurtatzeko.
Bestetik, Udalak eta Ortubos SL enpresak orain dela bi hilabete inguru sinatutako hitzarmena berretsi egin zuten; hau da, Mondragon Unibertsitateari Vergara, Jauregui, Resusta y Cia izeneko jauregia uztea ikus-entzunezko fakultatea egiteko. Dagoeneko hasita daude lanok egiten, Udalaren baimena jaso duelako.
Kurtzebarri eskolak sei gela
Kurtzebarri eskolari dagokion handitze prozesuaren hasierako onarpena ere egin zuen udalbatzak. Txiki geratu da eskola eta hainbat talde Iralabarri plazako lokal batzuetara joaten dira. Guztiak batera egon daitezen sei gela berri egin gura ditu Hezkuntza Sailak eta horretarako 4,80 metro handituko dute oraingo eraikina jolasleku aldera. Horretarako, Hiri Antolaketako Arauen Elementuen Aldaketari eman diote hasiera, 2012rako eginda egon dadin eta ikasle guztiak eraikin berean.
Jaurlaritzak, gainera, gomendatu die herri partaidetza jartzeko abian aldaketa horien guztien berri emateko herritarrei. Udal ordezkariek egunotan erabakiko dute zein eratako partaidetza prozesua izango den.
Bestalde, EAko zinegotzi Lore Martinezek gogorarazi zuen hitzarmena sinatu zela Hezkuntza Sailarekin Kurtzebarri eskolari lehentasuna emanaz erakin berri bat egiteko orduan, eta horri heltzea komeni dela. Inaxio Garro alkateak hauxe gaineratu zuen: "Delegaritzatik bueltatxo bat ematea komeniko da horren gainean berba egiteko".
% 1,7ko igoera taxiek
Bukatzeko, datorren urteko taxien tarifak onartu zituzten. Gipuzkoako taxilarien elkarteak % 1,7ko igoera proposatu zuen eta bat etorri ziren horrekin udalbatzako kide guztiak.