Kulturarako eraikina 2008ko lehen hiruhilabetean zabaldu gura dute

Mirari Altube Arrese 2007ko urr. 26a, 12:58
Aurrera doaz kulturarako eraikinaren lanak. Ia urte bi pasatu dira –2005eko azaroa– eraikin zaharra bota eta lanak hasi zituztela, eta txikikeriak geratzen dira eraikitze lanak bukatzeko. Ekipamenduz hornitzeko lehiaketa deialdia egin du Udalak.

Santa Kurtz kalea eta Herriko Plaza artean dagoen eraikinak bost gune nagusi ditu: gaztelekua, musika eskola, liburutegia, kultura etxea eta erabilera anitzeko gela. Lehenengo lau guneak abuztuan bukatu zituzten halaxe hitzartuta zutelako Bruesa enpresa eraikitzailearekin; eta 100 lagun ingururako lekua izango duen aretoa abendurako bukatzea daukate aurreikusita. Hala, urte berriarekin batera zabalduko dute eraikina, lehen hiruhilabetean izango delakoan daude Udaleko Hirigintza saileko arduradunak.


Altzariz hornitzea

Behin eraikitze lanak bukatuta beharrezko ekipamenduz hornitu behar dute eraikineko gune bakoitza. Lehiaketa bidez esleituko dituzte lanok, eta urriaren 17an argitaratu zituzten oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Hala, azaroko lehen egunak arte izango dute epea interesatuek proposamenak aurkezteko.

- Kultura etxea, gaztelekua, musika eskola eta liburutegia altzariz hornitzeko 252.169 euroko aurrekontua aurreikusi du Udalak. Eta bi hilabeteko epea izango dute altzariz erabat hornitzeko eraikina.

- Erabilera anitzeko aretoa 100 bat lagunendako izango da eta hainbat erabilera izango ditu: film proiekzioak, antzerkiak… Horrek guztiak ekipamendu egokia eskatzen du, eta hiru lehiaketa deialdi egin ditu Udalak:

        - Soinu, bideoproiekzio eta interkomunikaziorako ekipamendua eskatu du, eta 95.350 euro aurreikusi ditu.

        - 35 mm. zinema proiekzioko ekipamendua gura du, eta 79.046 euro bideratu ditu.

        - Makineria, argiteria eta oihalak erosteko deialdia egin du, 88.549 euroko aurrekontuarekin.

Eta hori egindakoan lekualdatzeak hasiko dituzte. Hirigintzako arduradunek uste dute nahiko samur egingo dituztela lekualdatzeok, materiala bakarrik eroan beharko dutelako eraikin berrira. Liburutegiak emango ditu lanik handienak, liburu guztiak mugitzea eskatzen duelako. Bide batez, ordenagailu berriak jarriko dituzte, uztailean lapurtu zituztenen ordez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak