Santa Kurtz kalea eta Herriko Plaza artean dagoen eraikina abuztuaren 18an bukatuko dute. Antza denez, atzeratu egin dira lanok, eta data berria onartu du Udalak.
Luzapen eskaera
Brues y Fernandez enpresako langileak dabiltza kulturarako izango den eraikina egiten. Ekainean bukatuko zituztela lanok hitzartu zuten, baina iritsi gara hil bukaerara eta ez dituzte bukatu. Lanok zela zihoazen ikusita, idatzia aurkeztu zion maiatzean enpresak Udalari bukaera epea luzatzeko eskatzeko.
Bestalde, eraikinaren proiektua idatzi zuen eta lanen zuzendari den arkitekto bilbotarrak ere, Alberto Sanzek, txostena egin zuen maiatzean. Lanok zela zihoazen jaso zuen txostenean eta enpresa eraikitzaileak aurkeztutako eskaera –bukaera epea luzatzeko– aintzat hartzeko eskatu. Udalak bi idatziak aztertu zituen eta Sanz arkitektoak egindako txosteneko ondorioak kontuan hartzea erabaki zuen. Hala, eraikinaren lanak bukatzeko azken data abuztuaren 18rako ezarri zuen jardunean zegoen Gobernu batzordeak ekainaren 4an egindako batzarrean.
Altzariz jantzi
Hala ere, eraikina bukatuta egoteak ez du esan gura erabiltzeko moduan egongo denik. Izan ere, gero hornitu egin behar dute; hau da, altzariz jantzi gela eta areto bakoitza. Zeinek hornitu erabakitzeko lehiaketa deituko du Udalak, eta Hirigintza Saileko teknikariak hasita daude oinarriak idazten. Behin altzariz jantzita, Musika Eskolako, liburutegiko, kultura etxeko eta gaztelekuko materialaren lekualdatzea egin beharko dute. Hala, lan guztiok bukatutakoan hasiko dute ikasturtea eraikin berrian, negu inguruan.