Udalak jakinarazi du hainbat fasetan egingo direla lanak. Lehenik eta behin, egurra, beira eta metalak desmuntatu eta eraikina guztiz hustu behar dute; hormigoia eta igeltseroen materiala bakarrik geratu behar da han. Udalak gogorarazi du, horren harira, aipatutako material horiek guztiak birzikla daitezkeela eta beraz, bereiztu behar direla ondoren bakoitzari dagokion tokira eraman ahal izateko. Esan bezala, eguenetik dihardute langileek zeregin horretan.
Jarraian, teilatupekoa eta aurreko fatxada kendu beharko dute. Udaletxean azaldu dute lan berezia izango dela hori, materialekin jarraitu beharreko prozesua araututa dagoelako. Hala, homologatuta dagoen enpresa batek desmuntatu eta aurreikusita dagoen tokira eraman behar dute, material horiek ere birzikla ditzaten.
102.563 euroko aurrekontua
Udal kiroldegi zaharra eraisteko lanak egitea Reciclajes y Demoliciones del Norte enpresari dagokio. Udalak esleipena deitu zuen uda partean eta esandako enpresak irabazi zuen. Esleipenaren zenbatekoa 102.563 eurokoa da.
Kirol etxe berria noiz hasiko diren eraikitzen zehazteke dago oraindik. Jakina denez, udaletxean badute dagoeneko hori eraikitzeko hasierako proiektua; lanak datorren urte hasieran has daitezkeela jakinarazi dute.