Aretxabaletako kirol etxea ixtearekin batera bukatu zaio kontratua orain arte kirol jarduerak kudeatu dituen Goiena Sport enpresari. Gutxienez bi urte egongo dira aretxabaletarrak kirol etxe barik, baina kirol jarduera barik ez dira geratuko. Ilargi plazan dagoen Zainduz fitness zentroa erosi zuen Udalak orain hilabete batzuk, eta bertan emango dituzte jarduerak.
Bi urterako kontratua egingo diote hartuko duten enpresari –kirol etxea egin bitartean emateko zerbitzua–, eta luzatu egingo diote kontratua kirol etxeko lanak luzatu egiten badira. Zerbitzu hauek eskaini beharko ditu: aerobik, mantentze gimnasia, spinning, hirugarren adinekoen gimnasia, Atzegikoen gimnasia, banakako entrenamenduak eta beste kirol programa batzuk. Gorputz tratamenduei dagokionean, ostera, fisioterapia, masajea, sauna eta solariuma jarriko ditu herritarren zerbitzura.