Deba ibaiaren beste aldean eraikitako etxeetara joateko izango da Txarapea ibilbidea, baita Markole auzora, ere eta Belorrietan dagoen zubi berriarekin Belorrieta auzunera eta Loramendi kalera. Etxeak eraiki ahala dabiltza kalea egokitzen, iparraldetik hegoalderantz, hau da, Lausitta kaletik kirol etxerantz. Lan horien barruan, biribilgunea egin dute Lausitta kale hasieran. Aurreikusitako epeak betez gero 2010eko abendurako bukatuta egongo dela jakinarazi dute Udaleko Hirigintza Saileko arduradunek. Izan ere, orduantxe bukatuko dituzte kirol etxe alboan egiten dabiltzan azkeneko etxebizitza tasatuak.
Ibilbide horren inguruan hiru eratako etxeak egongo dira: tasatuak, bi etxebizitza dituztenak eta babes ofizialekoak. Azken horien lanak hasita daudela jakinarazi dute Hirigintza Sailean nahiz eta mugimendurik ez ikusi "ez dutelako behar aparteko lur mugimendurik".
Lausittako arazoak
Etxe horien eraikitze lanak direla-eta –autobideko eta zaharren egoitzako lanak gaineratuta– eragozpen eta arazo asko jasan behar izan dituzte Lausitta auzoko bizilagunek azken urteotan. Eta Udaleko ordezkariak jakinean daude: "Lanok hobekuntzak lortzeko izan arren ulertzekoa da bizilagunen haserrea". Horregatik, behin lanak bukatuta, Lausittako jolas parkeko ziburuak aldatu dituzte eta inguruko lorategiak berritu eta txukuntzeko asmoa daukate.