Kirol etxearen eraikitze lanak datorren astean hasiko dituzte

Mirari Altube Arrese 2009ko ira. 4a, 14:19
Hala adostu zuten abuztuan, Inaxio Garro alkateak eta Galdiano eraikuntza enpresaren kontseilari delegatu den Joseba Azkarragak.

Abuztuaren 18an sinatu zuten alkateak eta Joseba Azkarragak kirol etxearen lanen behin betiko esleipena eta orduan hitzartu zuten iraileko bigarren astean lanak hastea. Hortaz, ezustekorik ez bada, laster izango dira Galdiano enpresako langileak Markole auzoan dagoen orubean.

Kirol etxearen eraikitze lanak egiteko lehiaketa deitu zuen Udalak. 19 enpresa aurkeztu ziren eta epaimahaiak –proiektua egindako arkitektoak eta LKS enpresa– egindako hautaketa prozesu ostean Galdianok jaso zituen puntu gehien. Horrek proposatu zuen 11.393.288 euroko aurrekontua eta 20 hilabetetan eraikitzea. Bestalde, lan horiei jarraipena egiteko LKS enpresa hartu du Udalak.


Lan horiek ordaintzeko Kutxak eman dio mailegua Udalari, 8.265.000 eurokoa hain zuzen eta 12 urtetan itzuli beharko du diru hori. Aldundiko Gizartekintza departamentuaren bitartez, ostera, 942.000 euroko dirulaguntza jasoko du.

 

Berdegunea eztabaidagai

Asier Akuriola eta Fernando Bajo arkitektoek egindako kirol etxearen proiektuak hainbat berezitasun ditu: igerilekua hirugarren solairuan egongo da eta pilotalekua beharrean trinketa izango du. Bestalde, kirol etxe aurrean dagoen zelaian hainbat kantxa egitea aurreikusita dago proiektuan. Hainbat herritarrek, baina, kanpoko igerilekuak egiteko eskatu dute. Kontuak kontu parte-hartze prozesu bat zabalduko du Udalak herritarren artean Kudeatuz egitasmoaren bitartez berdegune horretan zer egin daitekeen iritziak jasotzeko. Irailean bertan izango da hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak