Kirol etxea eraikitzeko 19 enpresa aurkeztu dira

Mirari Altube Arrese 2009ko eka. 4a, 14:09
Maiatzaren 28an bukatu zen kirol etxea eraikitzeko lehiaketara aurkezteko epea eta 19 enpresen proposamenak jaso ditu Udalak. Martitzenean hain zuzen, zabaldu zituzten 19 enpresa horien eskaintza ekonomikoak.

Merkeena 10.600.000 eurokoa izan da (BEZ barne) eta garestiena, ostera, 13.000.000 eurokoa. Eraikitze epeari dagokionean, ostera, 17 eta 20 hilabete artean egongo da.
Epaimahaia osatuko du orain Udalak 19 eskaintza horiek aztertu eta baloratzeko. Lanen alderdi teknikoaren azterketa Hirigintza teknikariak egingo du kirol etxearen proiektua egin duten Asier Acuriola eta Fernando Bajo arkitektoekin batera. Horretarako ez dute zehaztu datarik –proposamen asko direlako– baina Udalak gurako luke uztail hasieran lanak esleitu eta irail hasieran eraikitzen hastea. 


Bestalde, eraikitze lan horiei jarraipena egiteko, hau da, epeak eta gastuak errespetatzen dituztela zaintzeko kudeaketa enpresa bat hartuko du Udalak. Bi enpresa aurkeztu dira eta datorren astelehenean hautatuko du bietako bat Gobernu Batzordeak. Hautatuko enpresa hori ere epaimahaiko kide izango da.

Aldundiaren dirulaguntza

Bestalde, kirol etxeko lanen finantziazioari dagokionean Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu du dirulaguntza ematea, 1.700.000 euro emango dizkiola jakinarazi dio Udalari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak