Kirol etxe berriaren proiektua onartuta

Mirari Altube Arrese 2009ko api. 2a, 14:03
Astelehenean egindako ohiko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak kirol etxearen proiektua; baita lanen lehiaketa oinarriak ere. EAk ezezkoa eman zion proiektuari.

Ezker Batua-Berdeak taldeak proposatutako aldaketatxo bat egin zuten lanen lehiaketa oinarrietan: bost hilabete baino gehiago langabezian dauden langileak hartzen dituen enpresak puntu gehiago eskuratuko ditu. Eta onartu egin zuten. Zinegotzi guztiak, baina, ez ziren bat etorri proiektuaren onarpenarekin. EAk itxaroteko eskatu zuen herritar batzuk kanpoko igerileku eske daudelako. PSE-EEko zinegotziak, ostera, informazio gutxi izan dutela bota zuen baina trabarik jartzeko asmorik ez duela argitu. Hala, EAko ezezko botoa jaso zuen; gainerako taldeek baiezkoa eman zuten. Horren harira, kreditu aldaketa bat ere onartu zuten 1.000.000 euro bideratzeko kirol etxearen lanetara. Beste kreditu aldaketa bat ere egingo dute 384.000 euro emateko zaharren egoitzako lanei.

Etxe tasatuen gaia atzeratuta

Hiri antolaketari dagokion arauetan aldaketa puntual bat egitea ere onartu zuten eta espedienteari hasiera eman. Batetik, 4-B arloa, hau da, Bedarreta auzoa eta Tubos lantegia artean dagoen eraikina hezkuntzarako erabiltzeko izendatzea. Eraikin hori ez da Udalarena oraingoz baina eskuratzeko asmoa dauka. Eta bestetik, baserriei eragiten dien aldaketa onartu zuten: baserriak banatzerakoan etxebizitzetan zati bakoitza ugazaba bakarrarena izatea, eta ez orain arte moduan osoaren portzentaje bat egokitzea jabe bakoitzari.


Hirigintza Sailari dagokion beste bi gai ere erabakitzeko zituen udalbatzak. Batetik Mitarte kaleko lanak zeinek egin hautatu behar zuten zazpi enpresen artetik. Baina bi enpresa puntu berdintsuekin geratu dira eta hobeto aztertzekotan geratu ziren. Bestetik, Deba ibaiaren beste aldean Bruesa egiten dabilen etxebizitza tasatu batzuk hutsik daude –15 inguru– eta berriro zozketa egiteko baldintzak onartu gura zituzten. Hori ere atzeratu egin zuten eta datorren astelehenean, hilak 6, egingo duten ezohiko osoko bilkuran erabakiko dituzte biak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak