"Denboraren zentzua gorpuzteko ahalegina egin dut liburuan. Bi metafora erabili ditut behin eta berriz, ur jauziak eta enara beltza", esan digu Karmele Igartuak. Gaineratu digu liburua argitaratzea saria dela: "Idazle bakoitzak bere bidea topatu behar du, eta beste hainbat lan egin ditudan arren, sormenerako olerkia nahiago dut. Era berean, jakin badakit poesia irakurtzea ez dela erraza, eta irakurleengana heltzea ere ez. Horregatik guztiagatik, liburua argitaratzea pauso inportantea da niretako. Nik irakurleen esku jarri dut poesia; orain, eurek aukeratu beharko dute gustuko duten edo ez".
Poesia eta musika
Ilunabar literarioa liburu berrian oinarritutako 40 minutuko poesia irakurketa izango da. Baina oholtza gainean ez da bakarrik egongo; izan ere, Aitor Ziardegi eta Andoni Arana aretxabaletarrek jarriko dute musika pianorekin eta gitarrarekin. Gainera, Pamiela etxeko Jose Angel Irigaray eta Tere Irastortza egongo dira Arkupeko saioan; eta baita Idazle Eskolako kideak ere. "Ilunabar literarioak irekiak dira herritar guztiendako. Normalean, batez beste 30 bat lagun elkartzen gara. Dena den, lehen aldiz etortzen direnek errepikatu egiten dute", dio Igartuak. Aretxabaletarrak lerro hauek aprobetxatu gura ditu debagoiendar guztiak gonbidatzeko.
Idazle eskolako bilerak
Idazle Eskolakoek bost bat ilunabar literario antolatzen dituzte urtean zehar hainbat herritan. Helburua da idaztea gustuko dutenekin bilkurak egitea. "UNEDeko Idazle Eskolan graduondokoa egin genuenok aldika-aldika elkartzen gara; besteak beste, irakurketa taldeetan, mintegietan edo ilunabar literarioetan. Norberak sortutako materiala erakusteko aukera izaten dugu", azaldu digu Karmele Igartuak.