Kanuto deunaren omenezko jaia, bihar

Mirari Altube Arrese 2008ko urtarrilaren 18a

Zortzigarren aldiz antolatu dute aurten, Kanuto deunaren jaia. Bihar, zapatua ospatuko dute, eta giro bikaina sortuko dute herrian.

Urtero legez, bolo txapelketa jokatuta hasiko dute jaia. 12:00ak inguruan elkartuko dira bolatokian eta txapelketak iraun bitartean sagardoa eta ardoa eskainiko dizkiete bertaratutakoei. 14:30ean, herri bazkaria egingo dute Araba ibilbidean, Arkarazo auzoko bidegurutze alboan dagoen eraikinean. Eta bazkalostea hainbat ikuskizunek girotuko diete. Iaz 120 bat lagun elkartu ziren eta aurten ere antzera izango direlakoan daude.


Kalejira egingo dute 18:30ean, Kanuto deunarekin, eta Orkestra taldea –lehen Elektrotuna– izango dute lagun. 20:30ean, ostera, salda beroa banatuko dute Azkena tabernan ilunkarako hotza uxatzeko. Eta gauean, 22:30ean, kontzertua eskainiko dute Aretxabaletako talde bik bazkaria egindako eraikinean: punk odoltsua egiten duen Neallta Fola taldeak eta country doinuak lantzen dituen The Telonheroes Bandek. Ospakizuna bukatzeko ezustekoak iragarri dituzte antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak