Kantu zaharren txapelketa antolatu du Basotxok

Mirari Altube Arrese 2009ko urr. 30a, 14:05
Basotxo erretiratuen elkarteko zuzendaritza batzordeak kantu zaharren txapelketa egingo du. Abenduaren 1ean jokatuko dute eta bazkide guztiak animatu gura dituzte sasoi bateko kantuak gogorarazi eta kantatzera.

Basotxoko erretiratuek dituzten dohainak erakusteko bide bat izan daitekeela uste dute antolatzaileek, baina beste helburu batzuk ere baditu txapelketak: iraganeko kultura espresioa bultzatzea; nagusi guztiek dituztela altxor interesgarriak erakustea; eta geografia eremu ezberdinetako giza taldeen kultura espresioak erakustea. Gainera poztasuna sortzeko bidea izan daitekeela txapelketa uste dute antolatzaileek: "Ematen duenaren eta hartzen duenaren artean poztasuna eta gogobetetasuna sor dezake".


Bakarkako txapelketa izango da eta edozein eratako kantuak abestu ahal izango dituzte Basotxoko erretiratuek, bai musikari dagokionez, bai gaiari dagokionez: "Garrantzitsuena da galtzeko bidean dauden sasoi bateko abestiak gogoratu eta berreskuratzea", diote zuzendaritzako kideek.


Basotxon bertan jokatuko dute txapelketa abenduaren 1ean, martitzena, eta epaimahai bat osatuko dute kantarien lana baloratzeko. Sariak jasoko dituzte, gainera, hiru onenek: lehenengoak, 200 euro; bigarrenak, 100 euro eta hirugarrenak, 50 euro. Argibide gehiago gura dituenak Basotxora jo dezala.

Erretiratuen abesbatza

Bestalde, abesbatza osatu dute Basotxoko kideek eta hamabostean behin elkartzen dira entseguak egiteko Jose Luis Errasti zuzendariarekin; aste honetan hain zuzen. Hurrengo saioa azaroaren 11n izango da (18:00) eta zabalik dituzte ateak kantatzea gustuko duten erretiratuendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak