Kanpai jotzaile eskolakoak Oiartzunera doaz

Mirari Altube Arrese 2008ko aza. 28a, 12:45
Areantza auzoko kanpai jotzaile eskolako kideek Oiartzungo Herri Musikaren 7. jardunaldietan hartuko dute parte aste bukaeran. Berbaldia eta erakustaldia egingo dituzte.

Oiartzungo Herri Musikaren Txokoak kanpaien gaineko jardunaldiak antolatu ditu hilaren 29 eta 30erako. Areantza auzoko kanpai jotzaile eskola antolatzaile taldean sartu dute, eta bertan izango dira Valentziatik, Burgos aldetik eta Arabatik etorritako lagunekin batera. Julen eta Beñat Abasolo, eta Felix eta Gorka Madinabeitia aita-seme areantzarrak eta Pedro Azkargorta aretxabaletarra joango dira –senideak lagun dituztela– eskolaren nondik norakoen berri eman eta erakustaldia egitera. Gogotsu daude guztiak ere.

DVD bidez ikasita

Bihar, zapatua, hainbat berbaldi eskainiko dituzte. "Arabarrek, esaterako, Lo que dicen las campanas berbaldia egingo dute, eta argituko dute hainbat esaldi eta ikur dituztela kanpaiek; baita doinuek esan gura dutena ere", azaldu digu Julen Abasolok. Mahaingurua ere egongo da, eta ilunkaran kanpai-jotze erakustaldia profesionalen eskutik.

Domekarako, ostera, tailerrak antolatu dituzte, eta bertan izango dira areantzarrak: "Kanpaiak jotzen ikasteko erabili dugun modua berritzailea da, hau da, DVD bidez, eta horren berri emango dugu. Dagoeneko urtebeteko ibilbidea dugu eta badugu zer kontatua", dio Abasolok. Jardunaldiak bukatzeko profesionalak ez diren kanpai jotzaileen erakustaldiak egingo dituzte.

Gero eta kanpai jotzaile gutxiago

Urtebete pasatu da Areantzan kanpai jole eskola sortu zutenetik, eta oso gustura jarraitzen dute lanean. Zapatu guztietan elkartzen dira kanpaiak jotzeko –gehienetan Areantzan– eta ikasten jarraitzeko: "Kanpai jotzaileak egon oraindik badaude, batez ere Araba aldean, baina gero eta nagusiagoak eta gero eta gutxiago", dio Abasolok. Eta gaineratu du: "Kanpaiak elizetan daude eta horrek atzera eragiten du. Baina horretarako baino askoz gehiagorako dira: auzo lanerako, suteetarako…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak