Kalitatezko zerbitzua eta lan baldintza duinak eskatzen ditu Aralarrek zaharren egoitzarako

Mirari Altube Arrese 2007ko urtarrilaren 24a

Aralar alderdia ez dago ados zaharren egoitza berria egiteko Udalak eta Aldundiak daukaten asmoarekin. Publikoa izan behar duela, eta kalitatezko zerbitzua eskaini diote.

Aretxabaletako zaharren egoitza zahartuta dago, irisgarritasun baldintzak ez ditu betetzen eta leku gutxi dauka. Halaxe onartu zuten Aralarko kideek atzo, hilak 22, egindako prentsaurrekoan, baina Aldundiak eskaintzen duena ez dute onartu gura: "Kalitatezko zerbitzua eta publikoa gura dugu, oinarri sendoekin eta lan baldintza duinekin" aipatu zuen batzar nagusietan dagoen Rebeka Uberak.


Egoitza berria ez ezik eguneko zentroa ere behar dela Aretxabaletan esan zuten, baina ez Aldundiak eskaintzen duena: "Egoitzaren eraikuntza, zerbitzua eta mantenua pakete baten esleitzen ditu 40 urterako. Horrek pribatu bihurtzera garamatza, eta lan baldintza egokiak bermatzen ez direnez gatazka sortzen da", esan zuen Uberak. Gainera, oraingo langileak kalera joango liratekeela aipatu zuten.
Aldundia eta Udala dagoeneko hasita daude egoitza berria eraikitzeko lehen urratsak ematen. Horregatik hurrengo ohiko osoko bilkuran mozioa aurkeztuko dute Aralarko kideek zera eskatzeko: informazioa eta gardentasuna; herri erdian kokatzea; irisgarritasunaz gain beste baldintza batzuk betetzea; oraingo langileak onartu eta lan baldintza duinak eskaintzea; eta kalitatezko zerbitzua bermatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak