Julen Cobosen kontzertua eta antzerkia ekainean

Mirari Altube Arrese 2010ko mai. 31a, 14:45
Gertu dauka Kultura Sailak Arkupe kultura etxeko ekaineko egitaraua eta antzerkiak eta musika izango dira protagonista oraingoan.

Erakusketa aretoari dagokionez eskulan eta zeramika ikastarotako ikasleen lanak izango dira ikusgai egubakoitzean hasi eta hilabetea bukatu bitartean.

Antzerkiak: Las Torpedolevel taldea

Helduek antzerkia izango dute ekainaren 11n, egubakoitza (22:00). Las Torpedolevel taldeak Las chicas serias no gustan lana eskainiko du –sarrera, 4 euro–. Carmen Pardo eta Vene Herrero aktoreek sexuaren, jasotako hezkuntzaren eta antzeko kontuen gaineko hausnarketa egingo dute umore giroan.

Umeek, ostera, bi ikuskizun izango dituzte: Dejabu taldeak Azken portua eskainiko die domekan (17:00) eta Izaskun Mujika ipuin kontalariaren eskutik Munduko ipuinak izango dituzte ekainaren 19an, liburutegian (11:30).

Kontzertuak: Julen Cobos

Musikak ere izango du lekua Arkupen. Julen Cobos Zakone kantautore aretxabaletarra izango dugu hilaren 18an, egubakoitza, (22:00). Euskara, gaztelania eta katalana erabilita mediterraneoko eta flamenko doinuak nahasten dituen abestiak eskainiko ditu lagun eta herritarren aurrean.


Eta Leizarra musika eskolako kontzertuak ere egingo dituzte ikasturtea bukatu aurretik (18:30): eguaztenean, hilaren 2an, piano emanaldia; hilaren 9an, trikiti eta pandero emanaldiak; eta hilaren 14an, akordeoi emanaldia.

Berbaldiak

Berbaldiak ere izango dira ekainean. Batetik, Aste Berde barruan antolatutakoek: ekainaren 3an (19:00), Elikadura ekologikoa eta orekatua, Ekolapiko proiektuko Sabrina Pato dietistarekin; ekainaren 8an (19:00), Contaminación lumínica Aranzadiko Oscar Ortuñorekin; eta hilaren 10ean (19:00), film emanaldia Ekologistak Martxan taldeko kideekin: Africa ¿estás ahí?

Eta bestetik, Hiruatxek antolatutakoa hilaren 17an (18:30): Salinasen nola? Ekuadorko Salinas herrian duten proiektuaren berri emango du handik etorritako Dorian Fernando Ruiz kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak