Jesus Atxa ohorezko euskaltzaina hil da

Usoa Agirre 2007ko urriaren 24a

Atzo, martitzena, hil zen Iruñean, 87 urte zituela, Euskaltzaindiak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Nafarroako ikastolen eta Durangoko azokaren bultzatzaileetako bat izan zen, besteak beste. Atxa Aretxabaletan jaio zen, 1920ko maiatzaren 28an.

Hamalau urte bete arte herriko eskolan ikasi zuen eta 14 urterekin Durangoko (Bizkaia) San Jose jesuiten eskolara joan zen. 1936ko altxamendua gertatu zenean, Belgikara jo zuen, eta gero Kolonbiara. Hemen Filosofia eta Letretan lizentziatu zen, eta 1945ean Euskal Herrira itzuli zen.

15 urte beranduago erabat murgildu zen euskal kultura eta ikastolen munduan. Bilbon, EDILI erakunde euskaltzaleko zuzendari izan zen.

Durangoko Euskal Liburu eta Diska Azokaren sorreran parte hartu zuen.

Ikastolen bultzatzaile

Aretxabaletako ikastola sortu zuen, Sarasua eta Angel Gabilondorekin batera. Garai horretan, Bizkaiko "Zeruko Argia" aldizkariaren arduraduna izan zen.

Bizkaiko lehenbiziko ikastolen bultzatzaile sutsua izan zen Atxa eta lan bera egin zuen Gipuzkoako zenbait herritan ere.

Gerora Nafarroan, ikastolen munduan sortzaile, bultzatzaile eta irakasle izan zen Jesus Atxa; 1970. urtean Iruñeko San Fermin ikastolako zuzendari izendatu zuten eta bertan egon zen jubilatu arte.

Ohorezko euskaltzain

Euskaltzaindiak 1967ko abuztuaren 25ean euskaltzain urgazle izendatu zuen eta euskaltzain ohorezko, berriz, 1998ko apirilaren 24an.

2003. urtean Manuel Lekuona saria jaso zuen.

Elkarrizketa

Imanol Murua Uriak Jakinen egindako elkarrizketa duzue hemen (pdf formatuan, 208 kb).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak