'Ixadebalde' azoka zapatuan Aretxartek antolatuta

Mirari Altube Arrese 2010eko irailaren 9a

Zapatuan, irailak 11, 'Ixadebalde' beherapenen azoka egingo du Aretxarte merkatarien elkarteak (10:30-19:00). 12 postu jarriko dituzte Mitarte kalean eta eurekin batera herriko bi elkarte egongo dira, UDA eta Loramendi.

Mitarte kalearen alde bietan egongo dira postuak –eguraldi txarrarekin Herriko Plazan– eta hasieran eta bukaeran gaztelu puzgarriak Udalaren eskutik, umeek jolas egin dezaten. Aretxarte barruan dauden merkatariek eskaintzarik onenak jarriko dituzte kalean herritarren eskura. Hona bertan izango direnak: Kioskoa, Txilarra, Leintz mertzeria, Zare, Leniz liburu denda, Zubia, Haurrak, Asensio, Kilima, Belar Meta, Gertu eta Orly taberna.

Kalearen punta batean jarriko da Orly eta edariak eta mokadutxoak eskainiko ditu.
Kalearen beste puntan, ostera, Aretxabaleta Kirol Elkartearen eta Loramendi Elkartearen postuak egongo dira. UDAk, hainbat produktu jarriko ditu salgai –bufandak, kamisetak…– eta bazkide egiteko aukera eskainiko du –dagoeneko bazkide direnen txartelak ere bertan izango ditu–. 

Egunean zehar zozketa baterako txartelak banatuko dituzte egindako erosketen truke, eta ilunkaran azokan egondako merkatarien jeneroz betetako saskia zozketatuko dute.

Jarraipena izango duen azoka

Aretxarte elkartea hainbat urtetan geldi egon ondoren, udaberrian hasi zen lanean herriko merkataritza suspertu guran –hilabetero zozketak eginez–. Orain azoka antolatu dute, lehenengoz gurean, inguruko herrietan egindakoek arrakasta dutela ikusita. Ez diote erronka zehatzik jarri ekimenari: "Merkataritza biziberritu guran zerbait egitea pentsatuta antolatu dugu, eta ostean etorriko da balorazioak egiteko ordua", diote Aretxarteko zuzendaritza batzordeko kideek. Azoka horrek jarraipena izatea gurako lukete antolatzaileek, hurrengoan merkatari gehiagoren postuak jarrita kalean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak