Iturrizar plaza izango da ibaiaren beste aldean egiten dabiltzana

Mirari Altube Arrese 2009ko urriaren 29a

Ezohiko osoko bilkura egin zuen udalbatzak astelehenean hirigintzari dagozkion hainbat kontu onartzeko: arau batzuk aldatu eta Deba ibaiaren beste aldeko plazari izena jarri.

Herriko iparraldeko sarreran dagoen Bergara, Jauregi, Resusta y Cia izeneko eraikinaren izendapena aldatzeko prozesua hastea onartu zuten. Tubos de Precision lantegiko bulegoak egon ziren eraikin horretan, eta orain hezkuntzarako eraikin izendatuko dute. Gero Huhezik erabiltzeko izango da.

Bestalde, baserriei dagokien arau bat aldatzea onartu zuten aho batez. Baserriak bi etxebizitzatan banatzea aurretik zegoen  onartuta baina orain arte jabetza banaezina zen, hau da, eskriturak jabe guztien izenean egin behar ziren. Hemendik aurrera norberak bere etxearen eskriturak bakarrik egin ahal izango ditu. Lurrak, ostera, ezingo dituzte banatu.

Giza eskubideen aldeko izena

Deba ibaiaren beste aldean, Ortuzal promotorea egiten dabilen etxebizitzen artean, egongo den plazaren izena erabaki zuten gero. Udal gobernuak proposatu zuen Iturrizar izena jartzea, toponimia oinarri hartuta, eta gero giza eskubideen aldeko aipamena egiten duen plaka, monolito edo eskulturaren bat jartzea bertan. Gainerako alderdiak ez ziren bat etorri eta Ezker Batua-Berdeak taldeko Tomas Fernandezek gogorarazi zuen iazko abenduan egindako osoko bilkura baten onartu zutela giza eskubideen aldeko izena jartzea plaza edo kaleren bati. Alderdi Sozialistako zinegotzia bat etorri zen horrekin: "Deslegitimatzeaz lotuta dago kontua eta oso nabaria, guztien begi-bistakoa, izango litzateke hala izendatuz gero plaza".

Eztabaida luzearen ondoren Udal gobernuak proposatutakoa bozkatu zuten eta Aralarko zinegotzien aldeko hiru botoekin onartu; gainerakoak abstenitu egin ziren.

Etxerik etxeko zerbitzua

Bukatzeko etxerik etxeko zerbitzua lehiaketara ateratzeko prozesua abian jartzea onartu zuten. Lau urterako hartu zuen ardura Gizadi enpresak eta epe hori bukatu denez berriro deituko dute lehiaketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak