Iturriondo parkearen proiektuarekin aurrera egingo du Udalak

Mirari Altube Arrese 2007ko urr. 5a, 12:33
Udalak, Basoa fundazioak eta Kutxak hitzarmena sinatu zuten abenduan, Iturriondo parkea eta Bainetxe ingurua txukundu eta berritzeko. Egitasmoarekin aurrera jarraitzeko asmoa du Udalak, eta proiektua aztertzen dabil azken asteotan.

Iturriondo parke inguruak 11.620 metro koadro ditu eta Arkarazo auzora doan errepidearen eskumako aldean dago, Bainetxe industrialdearen gainaldean. Orain dela urte batzuk Amilotx taldeak eta herriko hainbat lagunek –Jose Mari Sarasua eta Anjel Loidi tartean– egindako lanari esker zuhaitz eta zuhaixka asko daude landatuta. Hala ere, herritarrendako ezezaguna da parkea, eta hitzarmenaren asmoa zen berreskuratzea eta bizitza ematea. Horretarako hainbat lan egingo dituzte: parkea garbitu, txukundu eta bertan dauden zuhaitz eta zuhaixka guztiak identifikatu.


Horrez gain Urkulura joango den ibilbide zirkuitu baten barruan sartu gura dute Iturriondo. Bainuetxearen albotik Urkulura doan bidegorriarekin bat egingo duen beste bide bat zabaltzea da asmoa eta ibilbide zirkuitu bat osatu. Hala, bi ibilbide izango dituzte herritarrek Urkulura jotzeko: orain dagoen bidegorritik gora bata, eta bestea, Iturriondo parketik Bolinaga auzora eta gero Areantza auzotik bueltan urtegira.

40 mila euroko aurrekontua
Ia 40 mila euroko aurrekontua zeukaten lanok abenduan, hitzarmena sinatu zutenean eta Kutxak beregain hartu zuen gastua. Geldi egon da kontua hilabete batzuetan, baina Joxe Anjel Antxia Ingurumen zinegotziak adierazi digunez proiektua berrikusten dabil Udala azken asteotan. Egin gura duten ibilbide berriaren gaineko hainbat kontu lotzen dituenean hasiko dituzte lanok. Basoa Fundazioak lanen gidaritza teknikoa egitea adostu zuten hitzarmena sinatutakoan, eta hilabete bi inguru iraungo zutela lanok aurreikusi zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak