Hitzarmena sinatu dute Udalak, Basoa Fundazioak eta Kutxak Iturriondo parkea berritzeko. 11.000 metro koadro ditu, eta berria izan ez arren inork gutxik ezagutzen du. Horregatik berreskuratzea du helburu Udalak. Anjel Loidi herritarraren ekimenez egin zuten parkea orain urte batzuk, eta berak hautatutako zuhaitz eta zuhaixkak daude. Loidi beraren ekimena izan da orain ere, parkearen erabilera bultzatzea. Hala, Basoa fundazioari eskatu zion aztertzeko Udalak, eta ibilbide zirkuitu baten barruan sartzea proposatu zuen Basoak.
Urkuluraino doan ibilbidea
Arkarazora doan errepide hasieran dago Iturriondo eta handik Arkarazoko elizara doan bidea egokituko dute. Errepidetik Bolinagara egingo du ibilbideak eta gero Areantza auzora. Hemen bide publiko bat berreskuratu gura dute Urkuluraino joateko, eta Areantzako auzo alkatearekin adostu dute. Hala, Aretxabaletatik Urkuluraino lehendik zegoen bidegorriarekin batera zirkuitua osatuko dute.
40 mila euroko aurrekontua
Parkea eginda dago, baina hainbat kontu egokitu beharko dituzte: zuhaitzen izenak eta parkearen informaziorako guneak jarri, bideak egokitu eta hesi eta itxiturak jarri. Ia 40 mila euroko aurrekontua daukate lanek, eta udaberri inguruan hasiko dituzte eguraldia lagun izateko. Bi hilabeteren buruan bukatuko dituzte.