Irailerako gertu egongo da 2.000 metro kubikoko ur-depositu berria

Mirari Altube Arrese 2008ko eka. 27a, 12:25
Iazko udazkenean hasi zituzten ur-depositu berria egiteko lanak, eta martxa onean doaz aurrera. Irailerako egongo da guztiz bukatuta, eta dagoeneko depositu berritik banatzen dute ura herrian.

Bederatzi hilabete iraungo zutela aurreikusi zuen Udalak orduan, eta irailean bukatuko dituztela adierazi du orain Hirigintza Sailak: "Uste bezala dabiltza egiten lanok, baina aurretik zegoen ur-deposituari hobekuntza batzuk egin dizkiote, proiektuan aurreikusita ez zeudenak hain zuzen, eta horrek luzatu egingo du apur bat bukaera data. Hala, irailean egongo dela guztiz bukatuta esan genezake". Lanok Donostian egoitza duen Construcciones Murias SA enpresa  dabil egiten, eta ia milioi bat euroko aurrekontua dute.

Ura depositu berritik

Aozaratza auzora bidean dagoen ur-depositu zaharrak 2.000 metro kubikoko edukiera du. Baina herriak dagoeneko 2.300 metro kubiko inguru kontsumitzen ditu egunero; hortaz, ezin dute urik gordeta eduki. Horregatik erabaki zuen Udalak bigarren depositu egitea aurrekoaren alboan, eta edukiera berekoa egin dute, 2.000 metro kubikokoa: "Depositu handiagoa daukagu orain, baina benetako arrazoia ez da izan hori, bi edukiontzi dituen depositua izatea baizik. Hala, mantentze lanak egin behar ditugunean, uraren kalitatea bermatzeko garbitasun lanak, esaterako, lasai asko hustu genezake edukiontzi bat. Eta herritarrek beste edukiontzitik berdin-berdin jasoko lukete ura", diote Hirigintza Saileko arduradunek. Lanok aprobetxatuta depositu bietako balbulendako eta kontrolerako gelak izango dituen txabola egin dute.

Lanek iraun bitartean aretxabaletarrek ez dute igarri inolako aldaketarik ur hornikuntzan; ez lanak hasi berritan depositu zaharrago batetik bideratzen zutenean Urkulu urtegiko ura, ezta orain ere: "Uraren kalitatea betikoa da, eta dagoeneko ur-depositu berritik bidaltzen dugu ura herrira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak