Iraileko bigarren astean hasiko dituzte kiroldegiko lanak

Arritxu Barruso 2009ko abu. 18a, 16:59
Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburu ohia Aretxabaletan izan da. Politika lanak alde batera utzita, Galdiano eraikuntza enpresan dihardu lanean ekainaz geroztik kontseilari delegatu moduan. Eta hain justu ere, Galdiano enpresa izango da Aretxabaletako kirol etxe berria egingo duena. Udalak kiroldegiko lanen behin-betiko esleipena sinatu du gaur Galdiano enpresarekin.

Iraileko bigarren astean hasiko dituzte Aretxabaletako kiroldegi berriko lanak eta lanak hasi aurretiko azken pausua eman berri du Udalak. Lanen behin-betiko esleipena sinatu dute Inaxio Garro Aretxabaletako alkateak eta Joseba Azkarragak gaur. Behin-behineko esleipena uztailaren 27ko osoko bilkuran onartu zen; alderdi guztiek baiezko botoa eman zuten, EAJ eta EA izan ezik, horiek abstenitu egin ziren-eta. Kirol etxearen aurrekontua 11,4 milioi euro inguru da. Alkatea pozik azaldu da, aretxabaletarrendako proiektu garrantzitsua dela azaldu du kirola egiteko zaletasun handia dagoelako herrian.

Galdiano enpresak aurkeztutako proiektuarekin ere pozik azaldu da alkatea. Aretxabaletak kirol etxe ona, modernoa eta duina izango duela azaldu du. Berezitasunik ere izango du Aretxabaletako kirol etxe berriak. Igerilekua beheko solairuan beharren, goiko solairuan kokatuta egongo delako.

Finantzaketari dagokionez azkeneko osoko bilkuran azaldu zen Kutxak, Udalari, 8.265.000 euroko mailegua emango diola, 12 urteren buruan itzuli beharko duena. Foru Aldundiko Gizartekintzaren bitartez, bestetik, 942.000 euroko diru-laguntza jasoko du.

Galdiano enpresak 20 hilabeteren buruan amaitu beharko ditu lanak eta Joseba Azkarraga, Galdiano enpresako kontseilari delegatuak ziurtatu du hala izango dela.

Kirol etxe berriaren proiektua, beraz, amaituta ez, baina, bideratuta dago dagoeneko. Baina, kirol etxe parean dagoen berdegunearekin zer gertatuko den ikusi beharko da orain. Alkateak azaldu du, horretarako herritarrekin parte-hartze prozesu bat hasiko dutela irailaren erdi aldera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak