Irailean hasiko dira konpontzen autobidearen lanek eragindako kalteak

Mirari Altube Arrese 2010ko uzt. 16a, 16:42
Lanik garrantzitsuenak Bidegiren ardurapean daude, Izurietako bidea konpontzea eta Basagoiti ubidea berreskuratzea, esaterako. Lan horiek egiteko eskaintzak aztertzen dabil orain. Beste lan batzuk Udalak kudeatuko ditu.

Joan den egubakoitzean zabaldu zituen Bidegik autobidearen lanek Aretxabaletan eragindako kalteak konpontzeko deialdira aurkeztutakoen eskaintzak. Orain guztiak aztertu eta lanak esleitu beharko ditu. Udal Hirigintza saileko ordezkariek uste dute iraila artean ez dituztela hasiko konponketa lan horiek.

Izurietara doan bidea

Kalte handiak sortu dituzte autobidearen lanek, batez ere Izurieta eta Galartza aldean. Horiek guztiak konponduko zituela hitzeman zuen Bidegik eta konponketa lan horiei helduko die orain. Hainbat lan, garrantzitsuenak, Bidegik zuzenean kudeatuko ditu; horien artean daude Izurieta auzora doan GI-3132 errepidea –227.445 euroko aurrekontuarekin, bi hilabeteko lanak– eta Basagoiti ubidea berreskuratzeko lanak Untzilla aldera doan GI-3920 errepidearekin batera –635.607 euroko aurrekontua, bederatzi astetako lanak–.

Horiez gain beste kontu batzuk ere ordainduko ditu Bidegik: Egileor baserriko ur deposituetatik behin behineko ur-hartunea kendu zenetik eragindako ur gastuak; herritarren zelaietan izandako diru galerak… baita aldi baterako egindako desjabetzeak itzuli ere.

Udalaren ardurapean

Beste lan batzuk, ostera, Udalaren ardurapean utzi dituzte hitzarmen baten bitartez. Lan horiek Udalak esleitu eta kudeatuko ditu eta bukatutakoan ordaindu egingo dizkio Bidegik. Horien artean honakoak daude: Antxustegi baserriko kutxatila konpondu; Apotzagaetxebarri auzoko bide ertzeko partzelak garbitu; Lausitta kaletik Salluente ermitara doan areka egin; tunelaren irteeratik Salluentere doan bidea hobetu; Lausittako mendi malda egonkortu eta ur deposituak berriro jarri; Egileor aldeko bideak eta inguruak berreskuratu; Ametzara doan errepidea konpondu; Oro auzoko basoen azpiko aldeko bide berria egin…

Lan horiek guztiak egiteko eskaintzak aztertzen dabil orain Udala, irailean has daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak