Arkarazo auzora bidean eskuma aldera dagoen parkea da Iturriondo. Zuhaitz eta zuhaixka asko daude bertan landatuta, baina orain arte kasu gutxi egin dio Udalak. Orain parkea txukuntzen dabil eta landare guztiak sailkatuko ditu izena jarrita. Gainera, beste ibilbide bat egingo du Urkulura joateko.
Metro eta erdiko bidexka
Bainuetxeko industrialdearen atzetik dabiltza egiten Urkuluraino joango den hirugarren ibilbidea. Industrialdean, gainera, garai bateko bainuetxearen aztarna berreskuratuko dute. Handik Iturriondora joango da bidea, eta ur-depositu zaharraren albotik Bolinagara doan errepidearekin elkartuko da. Handik Areantzako Mitarte Garai baserriraino eginda dago bidea, eta han ezkerreko aldera hartuta orain dagoen bidegorriarekin elkartuko da.
Zagorrarekin (todo uno) egindako bidexka izango da Iturriondotik pasatuko dena, laru kolorekoa. Azpian, baina, harri handiak sartu behar dituzte lurra ondo finkatuta geratzeko. Metro eta erdi inguruko zabalera izango du, horregatik Udaleko Ingurumen Sailetik argi utzi gura dute oinezkoendako izango dela, eta ez bizikletendako.