goiena.eus

Iraeban eta Irurikoa baserrietarako proposamenak aurkeztu ditu Naturgintzak

 Aretxabaleta
Urkulu inguru guztia biziberritu gura du Udalak, eta horretarako Naturgintza elkartearekin dabil lanean. Iraeban eta Irurikoa baserrietan zer egin daitekeen aztertu dute eta hilaren 9an aurkeztu zituzten komunikabide, auzo alkate eta hainbat taldetako ordezkarien aurrean. Orain bakarra hautatu behar dute.


Proiektuaren helburua urtegi ingurua suspertzea da Urkuluk duen potentziala aprobetxatuta eta Aizkorri-Aratz parke naturaleko ate bat izan daitekeela jakinik. 14 proposamen aurreikusi ditu Naturgintzak eta kokalekua bi baserritan izango lukete: Iraeban eta Irurikoa.


Iraeban baserria Goroeta auzoan dago, Urkulu urtegi alboan. 311 metro koadro ditu eta Foru Aldundia da jabea. Aurkitutako hainbat dokumenturen arabera 1625ean eraikia zegoen, baina dituen hainbat ezaugarri aztertuta XVI. mendekoa izan daiteke. Hortaz, balio historikoa du eta zaindu beharrekoa da.
Irurikoa baserria, ostera, Aozaratza auzoan dago, Matikua jatetxearen alboan. 250 metro koadro ditu eraikinak eta aurrealdean 6.000 metro koadroko lur saila. Udalarenak dira guztiak.

Mendia, kooperatibak eta ekologia

14 proprosamen aurreikusi dituzte bi baserriotan koka daitezkeenak, tartean lorategi botaniko bihurtzea Urkulu eta aterpetxe bat egitea. 14 horietatik, baina, lau bakarrik garatu dituzte.
Euskal Mendi Federakuntzaren egoitza egitea da lehen proposamena. Iraeban baserrian izango luke kokalekua, eta asmoa da mendiaren gaineko interpretazio zentroa jartzea, orain Donostian dagoen federakuntzaren egoitza, Felix Iñurrategi-Baltistan fundazioarena, artxibo historikoa, liburutegia eta hainbat areto formaziorako.


Bigarren proposamena kooperatibismoaren gaineko museoa egitea da. Irurikoa baserrian izango luke egoitza, eta industria, kultura eta ingurumena uztartuko lituzke.


Slow Food mugimenduaren egoitza egitea da hirugarrena. 1986an Italian sortutako mugimendua da, eta bizimodu lasaiagoa aldarrikatzen du. Garrantzi handia ematen diote natura, kultura, biodibertsitatea eta elikadurari, eta elikagai tradizionalen aldekoa da. Iraeban baserrian izango luke kokalekua, eta mugimendu horren aldeko Gipuzkoako taldearen –convivium– egoitza jarriko lukete bertan. Baita esperimentazio zentroa –dastamenari eskainia–, turismo bulegoa eta jatetxea ere.


Eta garatutako azken proposamena ekologia eta agroekologiaren gaineko zentro pedagogikoa egitea izango litzateke. Irurikoa baserrian izango luke kokagunea eta formaziorako, esperimentaziorako eta jakien azterketarako izango litzateke. Erakusketa eta salmenta tokia egongo lirateke, Ekonekazaritzaren egoitza ere bai, eta jatetxe ekologikoa. Gainera, 6.000 metro koadroek ortua jartzeko lekua eskaintzen dute, eta jatetxerako jakiak bertan ekoiztu.

Hilaren 9an aurkeztutako proiektuen gainean hausnartzeko taldetxoa elkartuko da martitzenean, hilak 16. Udaleko eta Naturgintzako ordezkariekin batera izango dira alderdietako ordezkariak, auzo alkateak, herritar batzuk, eta mankomunitateko eta Deba Garaia elkarteko ordezkariak. Proiektu bat hautatu beharko dute, eta gehiengoa ados egonez gero behintzat, taldean erabakitakoak egingo du aurrera. Udalak hil honetan bertan hartu gura du azken erabakia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa