"Buruzagi espiritual" baten inposizio eta presioei Aralarrek ezezkoa eman ziolako hautsi zuela EAk Udal Gobernua diote Aralarko kideek . Eta ordutik hona Aralarren izena zikindu beste helbururik ez duela EAk. Jarrera arduragabea egotzi diote EAri, eta, "hauteskunde bezperatan, zalaparta atera eta aretxabaletarrei ziria sartu nahi diete, diskurtso nahasgarria erabilita".
EAko zinegotziek eskatzen duten Basotxo berria edo eraberritua, osasun etxe berria edo umeen parkeak babesteko proiektuak Gobernu programan jasota daudela diote Aralarkoek eta "ez direla EAkoen jabetzakoak". Aralarko zinegotziek uste dute zentzugabekoa eta arduragabekoa dela EAren ardurapean egondako sailetako gastu korronteak zalantzan jartzea orain, "orain arte udaletxean egon izan ez balira moduan jokatuz eta duela bi hilabete arte ezelako gogoetarik egin ez dutenean". Eta gaineratu dute lehen –gobernuan zeudenean– balio zuten kontuek orain ordainezintasunera daramatela herria esaten dabiltzala, aretxabaletarren artean ustezko alarma piztuz.
Aurrekontua eztabaidagai
2009ko aurrekontuan 1,5 milioi euroko murrizketa proposatu arren ez dutela zehazten non eta zenbat diote Aralarkoek, ezta herritarrei eskainitako zerbitzuen kalterako izango litzatekeenik ere. Ezinbestekoa den eta onartuta dagoen kirol instalakuntza proiektuaren beharra zalantzan jartzea izan dela ekarpen bakarra gaineratu dute, "2.000 abonatutik gora ahaztuz".
Bukatzeko Aralarrek eskatu gura dio EAri umiltasun handiagoz jokatzea eta aurrera begira eraikitzaileagoak eta kolaboratzaileagoak izatea.