Ingurumena aztergai, udal ordezkarien eta Kurtzebarri eskolako ikasleen arteko bileran

Miren Arregi Amasorrain 2009ko urt. 22a, 18:26
Aretxabaletako kurtzebarri eskolako ikasleek alkatearekin eta udaletxeko ingurumen ordezkariekin bilera egin dute gaur. Bertan, Kurtzebarri eskolan ingurumenari dagokionean aurreko urtean egindako lana gogora ekarri dute eta udalari aurrez egindako eskaerak bete diren ala ez aztertu dute. Ikasleek udalaren lana nahiko ongi baloratu dute.

Kontsumoa. Horixe da, iazko ikasturtean Aretxabaletako Kurtzebarri eskolako ikasleek Agenda 21ekin batera landutako gaia. Ikasleek ikasturte guztian zehar, egunerokotasunean kontsumitzen dugun energiaren, uraren, eta sortzen dugun zaborraren gaineko azterketa egin dute, eta gainera, horiek guztiak murriztu edota birziklatzeko udalak herrian ematen dituen pausuak aztertu dituzte. Besteak beste, kaleko argia zenbat denboran piztuta egoten den, iturrietatik jarioka dabilen ura, zabor ontzien betebeharra eta egitura, eta kontsumoa murrizteko egiten dituen ahaleginak aztertu dituzte.

Esan behar da gainera, nahiz eta ikasleek hutsune batzuk aurkitu dituzten, nahiko balorazio ona egin dutela udalak ingurumenari dagokionean daraman politikaren gainean. Udalak bestetik, garapen jasangarriari dagokionez gizarteko erakunde guztien arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du.

Udal ordezkariek, tartean Iñaxio Garro alkateak, kontsumo arduratsua dela jasangarritasunaren gakoa gogora arazi die ikasleei, eta ez horrenbeste, sortzen dugun zaborraren kudeaketa eta birziklapena.

Horiek joan den ikasturteko gaiari dagokionez Kurtzebarri eskolako umeen ekarpenak. Bestetik, ikasturtean landuko duten gaiaren aurkezpena ere egin du Debagoieneko Eskola Agenda 21eko koordinatzaile Amaia Otazok. Adierazi du, landuko duten gaia, publizitatea izango dela, betiere ingurumenaren ikuspegitik begiratuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak