Ikusgai, babes ofizialeko etxebizitzen zozketan sartuko direnen zerrendak

Mirari Altube Arrese 2008ko uzt. 18a, 12:48
Urrian zozketatuko dituzte babes ofizialeko 100 etxeak, baina onartutakoen zerrendak ikusgai daude. Joan zen egubakoitzean, ostera, hutsik geratutako 15 etxebizitza tasatuak banatu zituen Udalak.

Joan zen egubakoitzean zozketatu zituen Udalak libre geratutako 15 etxebizitza tasatuak. 21 lagunek eman zuten izena, baina horietatik bost atzera bota zituzten eskatutako baldintzak ez zituztelako betetzen: lau, gutxieneko diru sarrerarik ez zutelako, eta bat, beste etxe baten jabe zelako. Notarioak, alkateak eta Bruesa enpresako ordezkari batek osatu zuten epaimahaia.


Zozketa egin ostean izena emandako bat atzera bota zen, hortaz, guztiendako egon ziren etxebizitzak. Baliteke oraindik besteren bat atzera botatzea eta etxeak libre geratzea; hala gertatuz gero, urte bukaera inguruan beste zozketa bat egingo dute. Gainera, orduan erabakiko luke Udalak etxeen jabe izateko jarrita daukan baldintzaren bat aldatu gura duen, aurretik etxea izatea, esaterako. Horren helburua izango litzateke 185 etxebizitza tasatuetatik bat ere ez geratzea hutsik.

Babes ofizialekoak urrian

Babes ofizialeko etxebizitzen zozketa, ostera, urrian egingo dute. Oraindik ez dute datarik zehaztu, baina onartutakoen eta atzera botatakoen zerrendak dagoeneko udaletxean dituzte interesatuek ikusteko. Eskaera egindako guztiek Etxebidetik bidalitako eskutitza jaso dute egunotan erabakiaren berri emanaz, eta ezetzaren kasuan arrazoia azalduaz. Hala ere, udaletxeko zerrendan begiratzea komeni da hanka-sartzerik ez dagoela ziurtatzeko. Erreklamazioak aurkezteko epea abuztuaren 8an bukatuko da.


Deba ibaiaren beste aldean babes ofizialeko 100 etxe egingo dituzte. Onartutako eskaerekin hiru zerrenda egin dituzte: ezinduena; lau urte baino gehiago Etxebiden izena emandakoena; eta 25 eta 35 urte artekoena. Azken zerrenda hori da hain zuzen luzeena, 80 izen ingururekin. Baina hiru zerrendak bat eginda ere ez dira 130 izenetara iristen onartutakoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak