Ikus-entzunezkoak, zinea, musika eta haur ekimenak izango ditugu datozen asteotan

Mirian Biteri 2009ko aza. 2a, 12:24
Aretxabaletako kultura eskaintza labetik irten berri da egunotan eta ohikoa den moduan, aretxabaletarrek denetarik izango dute aukeran: erakusketa, haurrendako ikuskizunak, ikus-entzunezkoak, musika eta zinea, hain justu ere.

Azaroaren 7an, zapatua, haurrendako ikuskizuna egongo da. Lur Kortak Aurorita beti polita aurkeztuko die herriko liburutegian, 11:00etan, 4 eta 8 urte bitarteko umeei. Aurorita maleta batekin doan pertsonaia alaia eta mugitua da. Maletan dituen elementuez lagunduta kontatzen ditu ipuinak; Txorien kolorea, Kristina printzesa, Masai eta baita asmakizunak ere. 

Azaroaren 21ean, berriz, ordu eta toki berean, Patata Tropikalaren Bi azeri estu eta larri izango dute neska-mutikoek gertu.

Xabier iturraranen margoak

Gaurtik azaroaren 30era, bestalde, Xabier Iturraranen margoak ikusi ahalko dituzte honako ordutegian Arkupeko erakusketa aretora joaten direnek: astelehenetik egubakoitzera, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta zapatuetan, goizeko ordutegian bakarrik.

Ikus-entzunezkoak ere ez dira faltako. Azaroaren 10ean, Ipar Gazi-Hego Geza hasiko da Zaraia aretoan, 19:30ean. Aipatutako ikus-entzunezkoak hurbiletik ezagutaraziko digu familia giroan bizikletaz bidaiatzeko esperientzia. Rhin, Danubio, Isar, Elbe, edo Iparraldeko Itsasoa bezalako gune naturalak; eta Strasbourg, Munich, Linz, Viena, Hamburgo, Amsterdam edo Paris hiriak zeharkatzen ditu. Aldi berean, bizikletaren mugikortasunaren inguruan Europan dauden hainbat ereduen gaineko hausnarketa egingo da, eta umeekin bizikletaz bidaiatzeko hainbat trikimailu eskainiko dira. 

Azaroaren 25erako, sendabelarren gaineko bigarren ikus-entzunezkoa gertatu du Kultura sailak. Biak dohainik dira. Bestalde, egun bat lehenago, azaroak 24, Leizarra musika eskolako tronpeta emanaldia izango da.

Egunotako zinea

Zineak ere ez du huts egingo. Zineklubaren harira, eguenean, hilak 5, Como los demas filma ikusteko aukera egongo da, 19:30ean, lau euroren truke. Zine komertzialari dagokionez, azaroaren 6tik 9ra bitartean, Asalto al tren Pelham filma emango dute.  Egubakoitzean eta zapatuan, 22:00etan; domekan, 19:30ean, 19:30ean; eta astelehenean, 16:00etan. 

Bestalde, azaroaren 8an, Hannah Montana ospetsua izango dute gertu umeek, 17:00etan. Sarrerak hiru eurotan salduko dira. Honako filmak egunotakoak dira; bada, azaroko aste bukaera guztietan egongo da zinea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak