Ikasleek eta udal ordezkariek kontsumoaren gaineko konpromisoak hartu dituzte

Mirian Biteri 2009ko urt. 25a, 20:48
Kurtzebarri eskolako Lehen Hezkuntzako eta DBHko 20 ikasle inguru elkartu ziren eguenean Inaxio Garro alkatearekin, Joxe Anjel Antxia Ingurumen zinegotziarekin eta Ingurumen eta Hirigintza teknikariekin. Iaz kontsumoa landu zuten eskolan eta Udalak hartutako konpromisoak betetzeko eskaerak egin zizkieten lehenengoek udal ordezkariei.

Ikasleek gogorarazi zutenez, banatzen den propaganda hartu gura ez duten atarteek pegatinak jar ditzakete ezezkoa emanaz. Pegatinak udaletxean dituztela eskuragai, baina ez dela behar besteko argibiderik ematen aipatu zuten. Horren aurrean, alkateak Arratabe udal aldizkarian horren berri emateko konpromisoa hartu zuen.

Gainera, zaborrarendako lurpeko edukiontziak jartzea proposatu zuten. Gaur egun herriko leku bakarrean badaude ere, aurrerantzean beste bi lekutan jartzeko asmoa dutela erantzun zien Garrok. Erabilitako olioa hamabostean behin jasotzea ez dela nahikoa eta horretarako edukiontzia jartzearen beharra azpimarratu zuten. Horren harira, laster edukiontzia jarriko dutela jakinarazi zien Joxe Anjel Antxiak. Ze edukiontzi mota jarri aztertzen dihardute. Horretaz aparte, esaterako, herriko argiak askotan egunez piztuta egoten direla eta zakarrontzi eta iturri asko apurtuta daudela kritikatu zuten.

Ikasleen neurriak

Bestalde, ikasleek ere honako konpromisoak hartu zituzten, kontsumoari dagokionez: hondakinak zakarrontzira botatzen saiatu, argiak eta ordenagailuak itzali, zaborra sailkatu eta dagokion edukiontzira bota eta plastikozko poltsak birziklatu.
Kontsumoa landu ostean, 2008-2009 ikasturtean publizitatea jorratzea adostu dute Kurtzebarri ikasleek, eta horretan hasi dira dagoeneko. Lehenengo, herriko diagnostikoa egingo dute, eta horretarako kalera aterako dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak