Igor Arenatza, UDAko zuzendaritzan, eta Igor Gordobil, entrenatzaile

Mirari Altube Arrese 2008ko uzt. 10a, 13:26
Batzar orokorra egin zuen Aretxabaleta Kirol Elkarteak, eta 100 bat bazkide elkartu ziren Arkupe kultura etxean. 2008-2009 denboraldiaren aurkezpena egin zien zuzendaritza batzordeak, eta hainbat nobedade iragarri zizkien futbolari dagokionez.

Orain arte preferenteko entrenatzailea izan den Igor Arenatza aretxabaletarra zuzendaritza batzordean egongo da, eta preferenteko eta lehenengo erregionaleko taldeen ardura izango du. Preferenteko entrenatzailea Igor Gordobil izango da; azken denboraldian Mondrako entrenatzailea izan dena, baina aurretik Aretxabaletan ere ibilitakoa. Jokalarien artean hainbat aldaketa egongo dira: taldetik bakarrak alde egingo du, Argider Aranak, eta hiru edo lau etorriko dira, baina oraindik zehaztu barik dituzte izenak.


Aurreko denboraldian bigarren erregionalean jokatu duen taldea lehenengo erregionalean ibiliko da orain, igoera lortu ostean. Entrenatzaile lanak Imanol Bolinagak beteko ditu. UDAko presidente Jokin Antxiaren esanetan, preferentearendako oso ona da lehenengo erregionalean taldea izatea: "Maila handiko taldeak elkartuko dira: Bergara, Antzuola, Urola, Eibartarrak, Ilintxa, Orioko… eta oso lehiakorrak dira guztiak".


Irailean hasiko duten futbol denboraldiari dagokionez, talde bakoitzak bere helburuak dituela esan digu Antxiak: "Erronkarik zailenak gazteek eta infantilek izango dituzte, maila mantentzea ez delako samurra izango". Preferentearen kasuan, taldea indartu gura dute: "Apur bat indartuz gero, goiko postuetan ibiliko da, eta zorte apur batekin, mailaz igotzeko aukera izan dezake", dio Antxiak.

Areto futbola, kantxa barik

Areto futbolari dagokionez, jokatzeko kantxa barik geratuko dira, irailean kirol etxea bota egingo dutelako; hortaz, ikusi egin beharko da zelan konpontzen diren. 
Bestalde, pilotaren kasuan, mankomunitateak proposatutako proiektu bat dago abiatzekotan: pilota eskolak sortzea. Kirol elkarte barruan dauden kirol horien bien eta karatearen eta txirrindularitzaren helburuak dira mantentzea eta poliki-poliki aurrera egitea.

'Oso-osoko jokalaria' sariak

Bukatzeko, Oso-osoko jokalaria sariak banatu zituen UDAk. Hona saria jaso dutenen izenak:

  • Preferentea: Haritz Igartua
  • Bigarren erregionala: Mikel Ibabe
  • Ohorezko gazteak: Jose Mari Galante
  • 1. mailako gazteak: Igor Oyanguren
  • Euskal Ligako kadeteak: Mikel Zubizarreta
  • 1. mailako kadeteak: Joel Berenguer
  • Ohorezko infantilak: Dabid Enekotegi
  • Infantil txikiak: Xabi Zugasti
  • Kimuak: Dabid Martin
  • Areto futbola: Iker del Teso
  • Eskola pilota: Odei Izquierdo
  • Pilota federatua: Unai Urrutia

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak