Ibilgailuen gaineko zerga %4 igoko dute

Mirari Altube Arrese 2010ko urr. 11a, 12:24

Ordenantza fiskalak, hau da, Udal tasa eta zergek datorren urtean izango dituzten igoerak onartu zituen udalbatzak joan den eguenean, hilak 7. Zainduz gimnasioari dagokionez, urteko kuota izatetik hilerokoa izatera pasatuko da.

Ondasun higiezinen gaineko zergaren igoera –bai etxebizitzei, bai lurrei dagokiena– %3koa izango dela aurreikusi du Udalak. Izan ere, Eudelek proposatu du katastroaren balorea %2,01 igotzea eta Aldundiak onartuz gero %3an geratuko da igoera. Etxe salmentaren ondorioz ordaindu beharreko gainbalioa ere %3 igoko dute; baita hiri izaerako balio erantsiaren zerga ere. 

Jarduera ekonomikoaren gaineko zerga ere %3 igoko diete enpresei. Gainera, Udalaren asmoa da datorren urtean zergen ikuskaritza egingo duen enpresa bat hartzeko lehiaketa deitzea. Hala, enpresek iruzurrik egiten duten zergak ordaintzeko orduan jakingo dute.

Zainduzek hileroko kuota

Igoerarik handienetakoa ibilgailuen tasak izango du; 14 zaldi fiskaletik gorako ibilgailuen jabeek %4 gehiago ordaindu beharko dute. Ibilgailu hibridoek, ostera, %50eko murrizketa izango dute. Etxeko obren tasak ez du igoerarik izango eta zaborra KPI igotzea proposatu zuten –mankomunitateak esaten duenaren zain–. Uraren igoera, ostera, %0,7koa izango da.

Bestalde, Zainduz gimnasioko kuotak aldaketa izango du; urtekoa beharrean hileroko kuota jarriko dute urtarriletik aurrera: norbanako abonua dutenak, 7,50 euro hilean; abonu familiarra dutenak, 9,50 euro; eta abonu murriztua dutenak –ikasleak…–, 4,80 euro. Eta sauna erabiltzeko ez da gehiago ordaindu beharrik izango.

Udalaren asmoa da aurten baino gehiago jasotzea zerga bidez, batez ere kirol etxearen mailegua ordaintzen joateko. Dena dela, beste herri batzuetan baino baxuagoa dela presio fiskala –zergek estutzea herritarrak– aipatu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak