Eskola kirolak eta Gipuzkoako mendizale federazioak elkarrekin antolatzen duten ekimena da, eta 22. mendi lehiaketa da domekakoa. Gipuzkoako beste lau herritan ere egingo dituzte ibilaldi neurtuak egun horretan: Errenterian, Hernanin, Azkoitian eta Ormaiztegin. Aretxabaletakoa Murrukixo Mendizale Elkarteak gertatu du.
Zortzi urtetik aurrerako neska-mutikoak elkartuko dira domekan, Iturrigorri frontoian (08:30-09:00) eta dagoeneko taldeak osatuta –3 eta 5 lagun artekoak, gurasoak lagun dituztela– eta kontrol guneetan erakutsi beharko duten txartelarekin etorriko dira. Murrukixoko kideek Urkulu ingurua ezagutzeko ibilbidea gertatu dute; hona: Iturrigorri frontoia-Oro-Bedoña-Larrino-Urkulu urtegia-Aozaratza-Areantza-Bolina-Aretxabaleta. Gazteenei ibilbidea zertxobait mozteko aukera eskainiko diete, Areantza auzora hartu beharrean bidegorritik behera herrira jaitsita –kilometro bi gutxiago–. Hiru kontrol gune egongo dira ibilbidean zehar: Oron iturria dagoen lekuan, Larrinoko elizpean eta Areantzako iturrian. Gainera, Larrinon hamarretakoa egingo dute gazteek indarrak berreskuratzeko; norberak eroan beharko du jatekoa.
Murrukixoko kideek uste dute ibilbidea ez dela gogorra baina lokatzaren beldur dira: “Astean egindako euria dela-eta lokatza egon daitekeela uste dugu, batez ere hasieran. Bestelakoan ez dauka inolako zailtasunik, luzetxoa izan arren ez dagoelako aparteko aldaparik”.
Aparkalekua industrialdean
Gazteak guraso eta arduradunekin automobiletan etorriko dira gurera eta antolatzaileek gomendatu diete Copreci lantegiko aparkalekuan eta industrialdean uzteko. Hain zuzen ibilaldiaren bukaera bertan izango da.