Ibarra futbol zelaia gertu denboraldia hasteko

Mirari Altube Arrese 2007ko ira. 6a, 11:54

Futbol zelaiko lanek uste baino gehiago iraun dute, eta guztiz bukatzeko txikikeria batzuk geratu arren erabiltzeko moduan dago. Hainbat futbol taldek hasiko dute denboraldia aste bukaeran.

Zaragozako Mondo Iberica enpresak agindu zien 27 egunetan egingo zituela lanok, eta abuztuaren erdirako bukatuta egongo zirela uste izan zuten UDAko eta Udaleko arduradunek. Eguraldi eskasa tarteko, atzeratu egin ziren lanok, baina dagoeneko erabiltzeko moduan dago, bai entrenamendu saioak egiteko, bai partiduak jokatzeko. Belarrak beste itxura bat dauka orain, eta ureztatze sistema berritzailea jarri diote, kainoi bidez; ate-sareak eta ordezkoen aulkiak ere aldatu dituzte.
UDAko arduradunei oraindik ez dizkiete zehaztu zeintzuk izango diren zelaiak beharko dituen mantentze lanak; hala ere, presidente den Jokin Antxiak ez du uste aparteko lanik beharko duenik: orraztu, ureztatu… betikoak.


Denboraldia hastekotan
Taldeei dagokionean ez dago berrikuntzarik, iazko berberek jokatuko dute denboraldi honetan. Hori bai, futbol eskola jarri dute abian 1997 eta 1999 urte bitartean jaiotako neska-mutikoekin, eta datorren astelehenean, hilak 10, hasiko dituzte entrenamendu saioak. Talde batzuek aste bukaeran hasiko dute denboraldia, baina ez guztiek, hala lagun arteko partiduak ere jokatuko dituzte zapatu eta domekan, Ibarran.

Preferente mailan jokatzen duen taldeak domekan hasiko du denboraldia, eta kanpoan jokatuko du lehen partidua. Donostiara joango da UDAko jokalari izandako Igor Arenazak eta Gaizka Herizek gidatzen duten taldea, Vasconiaren aurka jokatzera. Eta preferenteko taldearen helburua argi dauka UDAko presidenteak: "Lehen lau sailkatuen artean geratzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak