Iazko balantzea, 2007rako aurreikuspena eta zuzendaritza aldaketa Basotxoko batzarrean

Iker Barandiaran 2007ko martxoaren 19a

Aretxabaletako Basotxo erretiratuen elkarteak urteko batzar orokorra egin zuen eguenean. Herrian erretiratuak batzen dituen elkarte bakarra da Basotxo eta, gaur egun, 927 bazkide ditu.

Elkarteko batzarrak 2006an Basotxok egin zituen ekintzen errepasoa egin zuen bazkideen aurrean. Bai bazkideak eta baita batzarra ere oso gustura daude iazko ekintzek izan zuten esku-hartzearekin, eta nabarmendu zuten berbaldiek eta bidaiek oso harrera ona izan zutela.

Aurtengo ekintzak

Bestalde, 2007rako aurreikusita duten programazioa azaldu zuten: bost berbaldi, hiru mendi irteera, bainika eta bestelako eskulan ikastaroak, bidaiak eta jaialdiak, hain zuzen ere.

Zuzendaritza berria

Bestalde, batzar orokorrean jakinarazi zuten zuzendaritzako lau kide aldatu egingo dituztela; eta beste lauk, azkeneko urtean aritu direnak, lanean jarraituko dutela. Kide berriak honako hauek izango dira: Carlos Gutierrez, Juanita Jauregi, Jose Mari Roldan eta Itziar Errasti. Horrez gain, ordezko moduan, Francisca Sasiain aukeratu zuten.
Gaur egungo lantaldeari dagokionez, Basotxo elkarteko presidente Jose Ramon Rodriguezek jakinarazi du kargua utziko duela. Hala, astelehenean egingo duten batzarrean aukeratuko dute presidente berria beteranoenen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak