Ia 11 milioi euro, aurten herria kudeatzeko

Mirari Altube Arrese 2010ko mar. 3a, 12:19
Astelehenean, martxoak 1, egindako ez ohiko osoko bilkuran aurkeztu zituzten 2010eko diru kontuak. 10.959.195 euroko Udal aurrekontua Aralarren eta EAJren aldeko botoekin onartu zuten.

Egoera ekonomikoak eskatzen duen moduko aurrekontua egin dutela iragarri zuen Inaxio Garro alkateak, "austeritatea edo herstura kontuan hartuta eta zentzuz jokatuta", eta hortik "murrizketa" etorri dela. Hala, %37ko jaitsiera izan du iazkoarekin alderatuta.

EAJ-k aurkeztutako bi sail

Eusko Alderdi Jeltzalearekin adostu du aurrekontua Udal gobernuak, hala jakinarazi zuen Arritxu Oliden zinegotziak eta bi sailetan ailegatu direla akordiotara iragarri: Ingurumenean eta Enplegu Planean. Ingurumen Planaren barruan Urkulu izango da ardatza eta 1.092.431 euro bideratu dituzte bertara –800.000 euro inguru berreskuratzea pentsatzen dute dirulaguntzen bitartez–. Inbertsiorik aipagarriena izango da kirol etxe berriarekin batera, 1.897.104 euro. Enplegu Planera, ostera, 360.000 euro bideratu dituzte.

Abstenitu PSE-EE

Alderdi sozialistako zinegotziak abstenitu egin ziren. Eta hiru arrazoi eman dituzte horretarako: alkatearen zorroztasunik eza, abenduan, aurrekontua onartu behar zenean deitu zuelako lehen bilera; alkatetzaren gardentasunik eza, EAJrekin adostuta zuela ezkutatu zuelako; eta konpromiso eza aurrekontuen kudeaketan, iaz PSE-EErekin adostutako partidarik ez duelako bete.

Azken orduko ekarpenak

Ezker Batua-Berdeak alderdiko zinegotziak, ostera, hiru partida berri sartzeko eskatu zuen: kuartel zaharrean etxe sozialak egitea ikertzeko (18.000 euro); lehengo zaharren egoitzako hirugarren solairuan famialiak elkartzeko lekua edo babestutako etxeak egiteko (18.000 euro); eta udaletxean igogailua jartzeko (60.000 euro). Alkateak erantzun zion momentuan aurkeztuta ez zihoazela bozkatzera, ekarpenak egiteko denbora izan zelako.

Eusko Alkartasunak ezetza

Eusko Alkartasunak, ostera, ez zuen ikusi hersturarik aurrekontuan eta "inbertsioak jaitsi direlako, 900.000 euro inguru, dator murrizketa" esan zuen Edorta Mendietak: "Gastua %8 jaitsi da baina inbertsioak %22 jaitsi direlako eta ohiko gastu ez-finantzarioa %4,5 igo da". Ohiko gastu hori jaisteko partida guztiak zehatz aztertu beharra aipatu zuen. "Beste teknika batzuk erabiltzea aurrekontua egiteko" eskatu zuen, "helburuetan oinarrituak, baina gobernuak 2010erako ez duenez helburu eta proiekturik kontuak lotzera mugatu dela" gaineratu zuen. Eta errekurtsoak sortuko dituen teknikak behar direla esan zuen, "gero inbertsioak egiteko".
Hori horrela, EAko bi zinegotziek eta Ezker Batua-Berdeakekoak ezetza eman zioten 2010eko aurrekontuari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak