I. Futbol Campusa egingo dute uztailean eskola futbolean dabiltzan neska-mutikoekin

Mirari Altube Arrese 2010eko ekainaren 25a

Debagoieneko neska-mutikoei zabalik dagoen I. Futbol Campusa antolatu dute 'Geroa Sortzen' izenarekin, uztailerako. Galartza auzoan dagoen aterpetxean pasatuko dituzte hiru gau, eta entrenamendu saioak egitera Ibarra futbol zelaira joango dira.

1999 eta 2001 urte bitartean jaiotako gaztetxoendako izango da futbol campusa, hau da, futbol eskoletan dabiltzan ibarreko neska-mutikoendako. Eta bi txanda egingo dituzte adinaren arabera: uztailaren 19tik 22ra bitartean, 2000 eta 2001ean jaiotakoak; eta uztailaren 26tik 29ra, 1999 eta 2000n jaiotakoak –txanda bakoitzean gehienez 40 gazte–. Izena emateko edo argibide gehiago eskatzeko honako telefono zenbakira deitu behar da: 649 82 20 70. Egonaldiaren kostua 130 euro da eta izenemate epea uztailaren 15ean bukatuko da.

Futbola baino gehiago

Lau egun horietan futbolaren gaineko kontuak landuko dituzte Galartzako aterpetxean dauden bitartean, eta entrenamendu saioak Ibarra futbol zelaian egin. Aretxabaleta Kirol Elkarteko kirol zuzendari den Igor Arenazak izango du campusaren ardura eta haren esanetan futbolaz haratago doa kontua: "Entrenamendu saioak egingo ditugu, baina askoz gehiago izango da: taldeko lana sendotu, gaztetxoekin baloreak landu… Eta hori guztia ingurumenarekin eta euskararekin uztartuko ditugu". Entrenamendu saioak UDAko entrenatzaileek bideratuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak