Guztion esku dago, ekin konpostatzeari kanpaina jarri zuen abian Aldundiak orain hilabete. Hondakin organikoak bereizi, eta edukiontzi berezietan jasotzeko deia da, ondoren konposta egiteko. Aretxabaleta sartu da proiektu horretan Gipuzkoako beste herri batzuekin batera.
Prestatu gabeko landare-jakiak
Gai organikoak bereizita bilduz gero konposta sor daiteke, eta hondakinen zati handi bat aprobetxatu. Hala, prestatu gabeko landare-jakien hondakinak bereizteko deia egin digu Aldundiak –konpostaren kalitatea bermatzeko–, eta horretarako aireztatzeko zuloak dituen ontzi baten jaso behar dira hondakinok.
Edukiontzi bereziak jarriko dituzte gero, lehendik daudenen alboan. Kolore marroia izango dute, eta giltzarekin zabalduko dira –inork ez dezan kutsatu beste hondakin batzuk botata–. Jasotako hondakinak Azpeitian egingo duten konposta egiteko instalaziora eroango dituzte.
Uda ostean jarriko dute abian proiektua, baina dagoeneko boluntarioen izenak jasotzen dabil Aldundia. Harrera ona izan duela kanpainak esan digute, eta hainbat aretxabaletarrek eman duela izena. Interesatuek 902 10 10 48 telefono zenbakira egin behar dute dei.