Hitzaldiak eta dokumentala Aste Berdearen baitan

Miren Manias 2010eko maiatzaren 19a

Argi kutsadura, elikadura ekologikoa, Euskal Herriko parajeak eta Afrikaren egungo egoera jorratuko dituzte Aretxabaletako Udalak antolatutako Aste Berdean. Ostegunean hasi eta ekainaren 10era bitartean ospatuko da hori, eta hiru hitzaldi eta dokumental bat eskainiko dituzte horrekin lotuta. Guztiak ere, Arkupe aretoan izango dira arratsaldeko zazpietan.

Maiatzaren 27ko hitzaldian, esaterako, Euskal Herriko parajeen gainean jardungo dute Jakoba Errekondo eta Asier Galdos hizlariek. Ekainaren 3an, berriz, elikadura ekologikoa izango du hizpide Sabrina Pato dietistak; eta ekainaren 8an, azkenik, argi kutsaduraren gainean egingo du berba Oscar Otuñok.

Dokumentala Ekologistak Martxan elkartearen eskutik izango da ekainaren 10ean, eta ikus-entzunezkoak Afrikak jasaten duen egoeraren berri emango du.

Ekainaren 5eko Ingurumenaren nazioarteko egunaren harira antolatzen du Aste Berdea Aretxabaletako Udalak, eta helburua da herritarrak sentsibilizatzea ingurumen arloarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak