Herria girotzea beste helbururik ez du saskibaloi txapelketak eta horretarako kirola eta gazteak elkartzea pentsatu dute Arizmendiko kideek. Udalaren eta Orly tabernaren laguntza jaso du ekimen horretan, baita Artano eta Paulaner tabernena ere. Gorka Gabilondo aretxabaletarra ibili da izenak jasotzen –Arkupe kultura etxean eta Orly tabernetan ere bai– eta uste baino lan nekezagoa izan dela gazteak animatzea esan digu: "Koadrilaz koadrila ibili naiz iragartzen eta benetan interes gutxi azaldu dute gehienek". Gazteek ez ezik, helduek eta beteranoek ere har dezakete parte.
Lau pista Herriko plazan
Zapatuan, 10:00ak inguruan, hasiko dute txapelketa. Lau pista gertatuko dituzte plazan eta musika lagun dutela jokatuko dituzte partiduak. Ligaska erara izango da txapelketa eta goiz partean gazteenen partiduak izango dira. Arratsaldea, ostera, nagusienendako utziko dute, baita adin tarte bakoitzari dagokion finalak jokatzeko eta hiru puntuko saskiratzeak egiteko ere.