Aretxabaletak ez du sailkapeneko goiko postuak utzi gura; atzo, Vasconiari irabazi ostean, Gordobil eta Arenazaren mutilak hirugarren postuan jarri dira bigarren dagoen Aloña Mendirekin berdinduta (37). Baina, kontuan hartu behar da aretxabaletarrek Tolosak eta Aloñak baino partidu bat gutxiago jokatu dutela.
Etxeko taldeak partidu txukuna jokatu zuen atzo Ibarran. Jarrera ona erakutsi zuten jokalariek, eta partiduaren kontrola izan zuten. Partiduko gol bakarra Iban Lopezek sartu zuen falta bidez. 35 minutuan izan zen hori.
Bat gehiago
Bigarren zatian, lehiak beste norabide bat hartu zuen: izan ere, epaileak Vasconiako jokalari bat egotzi zuen bigarren txartel horia erakutsi ondoren. Etxekoak, aukera aprobetxatu eta aurrera egin beharrean, urduri jarri ziren; hala, Vasconiak lehia berdintzeko aukera izan zuen. Kontuak kontu, baloia ez zen sareetan sartu eta hiru puntuak etxean geratu ziren.