Hiruatxek esku artean duen proiektua aurkeztuko du bihar

Mirian Biteri 2009ko azaroaren 5a

Hiruatx gobernuz kanpoko erakundeak esku artean duen proiektu berria aurkeztuko du bihar, egubakoitza, herriko udaletxe zaharrean, 20:15ean. Aurkezpen ekitaldiarekin batera jaialdia gertatu du iluntzerako: 20:00etan musika eta dantzak izango dira Durana kalean eta 20:30ean, bertso afaria.

Elkarteak dagoeneko bukatu du azken lau urteotan Ekuatore Gineako (Afrika) nekazari-proiekturako eman duen laguntza, eta orain hastear dagoen proiektu berriaren berri emango du gaur. Kontinentea aldatuz, baina ekuatorean jarraituko du; hain justu ere, Ameriketako Ekuadorko Salineritoko kooperazio proiektuaren alde egingo du lan.

Onddoak paketatzeko makina

Egitasmo hori perretxikoen ekoizpenaren gainekoa da. Elkarteko kide Iñigo Truebak horren gaineko azalpenak eman dizkigu: "Asmoa da onddoak paketatzeko makina baten erosketan laguntzea". Azaldu du Andeetako zona hartan urte asko daramatzate onddoekin lan egiten. Emakumeak mendira joaten dira perretxikoak jasotzera eta batutakoa kooperatibetara eramaten dute  produktua saltzeko; han sailkapena egin ostean, perretxikoak garbitu, moztu eta sikatzen uzten dituzte.

Azkenik, produktua paketatu egiten dute. Orain arte, emakumeek eskuz egin izan dute lan hori. Truebaren esanetan, paketatzeko makina horrekin orain arte han lan egin izan dutenak beste lanpostu batera joan ahal izango dira. Egitasmo horren bitartez, 10 lanpostu zuzen eta zeharkako beste 225 eratuko direla aurreikusi dute. Hasieran, urtebete iraungo du Ekuadorko Salineritoko kooperazio proiektuaren aldeko lana.

Ekitaldia

Proiektu horren berri emateko,  Hiruatxek hainbat ekitaldi antolatu ditu biharko. 20:00etan, Jalki dantza taldearekin batera, herriko plazatik irtengo dira eta, musika eta dantza uztartuz, Durana kalerantz abiatuko dira. Ekimenak geldiunea egingo du udaletxe zaharrera iristen denean, hango atarian proiektua aurkeztuko dute-eta.

Jarraian, Murualde elkartera joko dute, han bertso afaria egingo dute-eta; Jon Maia eta Jokin Labaien bertsolariek parte hartuko dute. Sarrerak salgai daude Arlutz eta Gurean tabernetan, 25 euroren truke. Afarian, bidezko merkataritzako produktu batzuen zozketa ere egingo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak