Hiru proiektu aurreikusi ditu Loramendik datorren ikasturterako

Miren Manias 2010eko ekainaren 11

Aisialdi, sustapen eta toponimia proiektuak, hain justu ere. Hala adostu zuten Aretxabaletako elkatearen bazkideek atzo egindako Batzar Orokorrean.

Elkartearen iazko kontuen berri eman, aurtengo diru-laguntzak aztertu eta datorren ikasturterako aurrekontua aurkeztu zuten Loramendikoek, atzo egindako Batzar Orokorrean. Hiru proiektu ere aurreikusi zituzten datorren ikasturterako: aisialdi, sustapen eta toponimia proiektuak, hain zuzen.

Momentuz baina, proiektu horiek zehazten joatea izango dute helburu urte honetan, izan ere, Loramendikoen esanetan, diru-laguntzek zenbateraino ematen duten ikusi eta herriak behar duenaren diagnostikoa egin gura dute proiektuak guztiz diseinatu aurretik.

Merkataritza arloan, esaterako, euskara sustatzeko plana garatu nahi dute, eta horretarako, inkestak egiten hasiak dira arlo horretako hutsuneak aurrez antzemateko.

Toponimia proiektuari dagokionez, aldiz, ibilbide historikoak egiten dabiltza herrian zehar Aretxabaletaren iragana eta oraina erakusteko, eta dagoeneko, martxan da lehena. Herri barrukoa da egindako lehenengoa, hain zuzen, eta maiatzean, Euskerien Egunean, aurkeztu eta egin zuten lehen saioa. Orduan egiterik izan ez zutenek bigarren aukera daukate zapatuan: plaza azpian dagoen 82 kilometroan dute hitzordua, goizeko hamarretan. Bigarren ibilbidea laster kaleratuko dutela aurreratu dute.

Bestetik, laguntzaile berriak erakarri nahi dituzte eta email bidezko kanpaina hasiko dutela iragarri dute. Horrez gain, Ahotsak.com egitasmoarekin ere proiektu bateratu bat aztertzen dihardutela jakinarazi zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak