Abuztuaz gero dabiltza egokitze lanak egiten eta urrian bukatuko dituztela iragarri dute Hirigintza saileko arduradunek. Urte askoan liburutegia izan den egoitzak –aurtengo maiatza arte– Hirigintzako teknikariak eta gizarte laguntzaileak izango ditu bizilagun azarotik aurrera. Eta edozein kontsulta egiteko herritarrek ere bertara jo beharko dute.
Egoitzaren kanpoko itxura ez dute aldatuko, baina barrualdean hainbat
lan egiten dabiltza: lur zorua, hormak eta sabaia konpondu;
argindarraren instalakuntza eta informatika sarea berritu; berogailu
berria jarri; komunak konpondu eta dauden gelak –bakarra beheko
solairuan eta handi bat eta hainbat txiki goian– banandu manparak
erabilita.
Traba gutxiago
Aldaketa egiteko arrazoirik garrantzitsuenetakoa herritarrendako trabak kentzea izan da: batetik kaleko oztopoak –udaletxeko ateko maila– eta bestetik egoitza barruko oztopo arkitektonikoak –eskailerak…–. Gizarte laguntzaileak beheko solairuan egongo dira egoitza berrian, eta Hirigintza Saila lehenengoan. Teknikari horiek lehen solairuan egingo dute lan, baina argibide eske datozen herritarrak hartzeko gela egokituko dute beheko solairuan. Hala, ez dute eskailerak igo beharrik izango.
Gogorarazi bestalde, bai Hirigintza Sailera joateko, bai gizarte laguntzaileekin egoteko txanda hartu behar dela aurrez udaletxera deituta.