Hirigintza batzordean aztertuko ditu Udalak Copreciren eraikin berriaren inguruan herritarrek egindako bi eskaerak

Larraitz Zeberio Lekuona 2010eko urtarrilaren 15a

Gauzak ondo bidean, Coprecik gaur egun aparkalekua duen lur zoruan eraikiko du dituen espazio arazoei aurre egiteko planta berria. Aretxabaletarren artean irtenbideak ez duela aparteko kezkarik eragin ondorioztatu du Udalak.

Enpresa herrigunetik kanpo eramatea baztertuta dago, ez omen da ekonomikoki bideragarria. Proposamena orain Coprecik aparkaleku moduan erabiltzen duen lur zoroan eraikin berria egitea da. Bi planta izango lituzke, eta beheko solairuan aparkalekua. Eremu hori eraikigarri egiteko Udalak aldaketa bat egin behar du arau subsidiarioetan. Atzo egin zuten gaiaren inguruan herritarren iritziak jasotzeko bigarren eta azken bilera. Bi proposamen atera dira bertatik. "Iradokizun bat planta berria erdi gunean egitearekin dago lotuta. Bestea ados dago planta hor kokatzearekin, baina uste du hori oso irtenbide erosoa dela enpresarendako eta Udalak trukean zerbait gehiago eskatu beharko liokeela", esan du Ingurumen zinegotzi Jose Anjel Antxiak.

Hirigintza batzordera

700 lanpostu inguru suposatzen ditu Coprecik. Prozesu honetan guztian Udalaren ahalegina enpresa herrian mantentzea izan dela adierazi digute. Launa herritar agertu dira gaiaren inguruan egindako bi bileretara. Udal ordezkariek ondorioztatu dute erabakiak ez duela atxabaltarren artean aparteko kezkarik eragin. "Alegazioak aurkezteko epea agortu da eta ez dute bakar bat ere aurkeztu. Herritarrek egindako bi iradokizunak hirigintza batzordean aztertuko ditugu orain".
     Arau subsidiarioen aldaketa puntuala ez ezik proiektuak Eusko Jaurlaritzako lurralde antolamendu saileko oniritzia ere behar du. Azken erabakia, Foru Aldundiak izango du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak