Hip-Hop Eguna bihar, gurean

Mirari Altube Arrese 2009ko uzt. 10a, 14:45
Gazteria Zerbitzuak antolatu du eta Hip-Hop hizkuntzaren bitartez gazteak erakartzea du helburu, euskara bidelagun hartuta. Hala, goiz partean tailerrak egingo dituzte Kurtzebarri eskola inguruan eta arratsaldean jaialdia.

Maider Etxaniz gazteria teknikaria ibili da antolaketa lanetan: "Gazteen artean gero eta gehiago entzuten da Hip-Hopa, hau da, grafitiak, break dantza… eta gustuko duten zerbait antolatzea erabaki dugu. Eta oso garrantzitsua dena, guztia euskaraz". 


Hip-Hop Egunak bi zati izango ditu: "Goizean ikasi eta arratsaldean gozatu", dio Etxanizek. Hala bada, goiz partean (11:00-14:00) tailerrak egingo dituzte Hip-Hoparen espresiobideak ezagutzen joateko: grafitiak zelan margotu tailerra; scratch eta dj tailerra, musikarekin jolasean hasteko; eta break dantza tailerra, oinarrizko pausuak jakiteko. Hori guztia erakusteko adituak izango dituzte lagun gazteek.

Arratsaldean jaialdia egingo dute (16:00-20:00), Kurtzebarri eskolako gunean –eguraldi txarrarekin Iturrigorri pilotalekuan–. Xabier Silveira eta Unai Muñoa bertsolariak eta Bilbo, Hernani eta Barakaldotik etorritako rap abeslari euskaldunek ekitaldia egingo dute. Selektah Kolektiboko kide, irrati esatari eta musikaria den Aritz Sound Systemek diskoak jarriko ditu eta Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako break dantzariek erakustaldia egingo dute. Bien bitartean, grafiti margolariek lanean jardungo dute.

Hona egitaraua:

Goizean (11:00-14:00)
- Grafiti tailerra

- Scratch eta dj tailerra

- Break dantza tailerra

Arratsaldean (16:00)
- 16:00, Dzren musika, scratch erakustaldia eta aurkezpena

- 16:30, abeslari gazteen tartea

- 18:00, BertsoSound System jaialdia  

Bertsolariak (Xabier Silveira, Unai Muñoa), rap abeslariak euskaraz, grafiti margolariak, disko jartzaileak (Aritz Sound System) eta break dantzariak.

Grafiti lehiaketaren irabazlea

Grafiti lehiaketa deitu zuen Gazteria Zerbitzuak orain hilabete inguru eta dagoeneko badauka irabazlea. Mikel Escobalesek egindako irudia hautatu dute lehiaketara aurkeztutako bost zirriborroen artetik. 300 euroko saria jasoko du berak eta bihar, hilak 11, grafitia margotuko du Kurtzebarri eskolako jolastokian.


Batxilegoa bukatu berri du Escobalesek eta orain Arte Ederrak ikasteko asmoa dauka. Iaz hasi zen grafitiak egiten eta gustuko duela jakinarazi digu. Lehiaketa irabazi duen grafitia zelako den ere esan digu: "Emakume baten aurpegia egin dut pop art estiloan marraztua"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak