Hileta eta omenaldi zibilak arautzen dituen ordenantza, onartuta

Txomin Madina Milikua 2010ko mai. 4a, 20:00
Mota honetako ekitaldiak egiteko baimena eman eta horretarako eremu publikoen erabilera arautzea da atzoko ezohiko osoko bilkuran onartutako ordenantzaren helburua. Alkatearen esanetan, eskariei aurrea hartu gura izan diete.

Atzo egindako osoko bilkuran aho batez onartutako ordenantzan azaltzen denez, bere sorrera hil ondorengo hileta edo omenaldi zibilak egiteko behar soziala erlijiorik gabe bizitzea aukeratu duten herritarrei zeremonia duina eta pertsonala eskaintzeko beharrean aurkitzen da. Alkatearen esanetan, orain arte horrelako zeremoniak egiteko eskaerarik izan ez duten arren, eskaera horiei aurrea hartu gura izan diote.

Ordenantzan azaltzen denez, era honetako zeremonia bat egin gura izanez gero eskaera alkateari edo auzo alkateari egin behar zaio, eta eskakizun orri batzuk ere bete beharko dira. Udalak bi toki aurreikusten ditu hileta edo omenaldi zibilak egiteko: udaletxearen osteko lorategia eta Iturrigorri frontoia.

Landa guneetan bestalde, auzo alkateek izendatutako lekuetan egingo da, beti ere alkatearen oniritziarekin. Astelehenetik domekara ospatu ahalko dira eta beharrezko udal baliabideak jarriko dira horretarako, erabilera unean dauden ordenantza fiskalen arabera kobratuko direnak.

Arau subsidiarioen aldaketak

Hileta zibilena baina, ez zen izan atzoko osoko bilkuran aho batez hartutako erabaki bakarra. Hala Tubos de Precision lantegia zegoen lekuko arau subsidiarioaren aldaketari hasiera eman zitzaion. Lur  industriala izatetik, hezkuntzarako eta etxebizitzetarako lurra pasako da eremu hori. Bertan kokatuko da HUHEZI fakultatearen eraikin berria. 250 etxebizitza egiteko aukera ere egongo da, baina honetarako ez dago eperik.







ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak