Hilaren 30ean itxiko dituzte betiko kirol etxeko ateak

Mirian Biteri 2008ko uzt. 21a, 11:56
Oporretatik bueltan eraikina hustuko dute eta irailaren amaieran edo urriaren hasieran, kiroldegia botatzen hasteko asmoa dagoela adierazi du udal kirol teknikari Asier Mujikak. Azken horren harira, kiroldegia eraisteko proiektua idazteko eta berau botatzeko lehiaketa deitu du Udalak.

Mujikak esan du udal kirol eskaintza gehiena Zainduz gimnasiora pasatuko dela. Kiroldegi berria eraiki bitartean, baina, aretxabaletarrak herrian hainbat jarduera praktikatu barik geratu direla gaineratu du; tartean, igeriketa.

 

Hala, oporretatik bueltan eraikina ustu egingo da. Han dagoen materiala atera egingo dute. Makina asko Zainduz gimnasiora eramango dituzte baina, beste azpiegitura batzuekin zer egingo duten oraindik ez dutela erabaki esan du. Rokodromoa da horietako bat. "Ez daukagu kokapen egokirik herrian hori jartzeko eta oraindik zehazteke dago zer egingo dugun", adierazi du.

Igerilekura joatea gustuko dutenak ere inguruko herrietako igerilekuetara joan beharko dira. Eskoriatzako Udalarekin ez dira akordio batera heldu eta beraz, aretxabaletarrek bi aukera izango dituzte irailetik aurrera: txartel mankomunatua edo inguruko herrietako bonoa ateratzea.

1970eko eraikina

Orain arte kiroldegia izandako eraikinak urte asko ditu. Hori 1970ean eraiki zen frontoi bezala erabilia izateko. Baina, 1988an, hainbat berrikuntza egin zen han, kiroldegi bateko zerbitzuak eskaini ahal izateko. Ordutik hona, mantentze lan larregi ez dira egin eta ondorioz, zaharkituta geratu da. Egoera horren aurrean, gaur egungo eraikina botatzea erabaki du Udalak. Irailaren amaieran edo urriaren hasieran ekingo diote zeregin horri.

Deialdia

Horren harira, kiroldegia eraisteko proiektua idazteko eta berau botatzeko lehiaketa deitu du Udalak. Horren berri eman zuen martitzeneko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
Lizitazio oinarrien aurrekontua eta ustiaketa kanona 193.516 eurokoa izango dela jakinarazi du iragarki horretan. Bestalde, proiektua idazteko eta kiroldegia eraisteko epea bi hilabetekoa izango dela aipatu du.

Dokumentazioa edo informazioa eskuratu gura duenak udaletxera jo behar du. Eskatutakoa aurkezteko azken eguna iragarkia argitaratu zen egunetik kontatzen hasita 26. egun naturala izango da. Alegia, datorren abuztuaren 10era arte. Udaletxeko idazkaritzan aurkeztu beharko da esandako dokumentazioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak